Maizpide, beste 35 urterako
Lazkaoko barnetegi euskaltegiak 35. urteurrena ospatu du. Ikasleei eta irakasleei lankide ohiak eta herriko eragileak gehitu zaizkie, kantu-afarian.

Ospakizun eguna izan zuten atzo Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Barnetegia ireki zutela 35 urte bete dira apiril honetan. Arratsaldean, Marian Bidegain eta Nekane Otaegi irakasla izandakoek hitzaldi bat egin zuten. Maizpideren sorrera –Goierriko Euskal Eskolan hondoratzen zaizkio sustraiak–, hasierak eta historia errepasatu zituzten.
Ondoren, mintzalagunak ere gonbidatuta, hitzaspertuak egin eta zintzurra bustitzeko tarte bat hartu zuten. Afal aurretik, Maizpide aurreko eskaileretan gorpuztu zuten 35 urteko uztaren zati bat: gaur egun barnetegian dauden ikasleak, irakasleak, irakasle ohiak, eta Lazkaon laguntzen dieten elkarte eta taldeetako ordezkariak elkartu ziren.
Festak euskaltegiko jangelan jarraitu zuen. Kantu-afaria egin zuten.
Bideoa: Maizpide euskaltegia
Argazkiak: Aimar Maiz