Zerain hirugarren postuan geratu da 'Landa Turismoaren Hiriburu' lehiaketan
Campo Lameiro (Pontevedra, Galizia) da 2023ko Landa Turismo Hiriburua. 100.000 bidaiarik baino gehiagok eman dute euren botoa lehiaketan.
Ez da posible izan. Zerainek ez du lortu 2023ko Landa Turismoaren Hiriburu izendapena, baina hamarreko zerrendan hirugarren postuan geratu da. Pontevedrako (Galizia) Campo Lameiro izango da 2023an zehar Espainiako Landa Turismo Hiriburu berria, Jaengo (Extremadura, Espainia) Cazorla herriari erreleboa hartuta.
Zeraingo Udalak eta Goitur-ek “eskerrak eman nahi dizkizuete gaur arteko ibilbide honetan eman diguzuen babesa eta promozio guztiarengatik; eskerrikasko egindako ahalegin guztiarengatik, eskerrak Zerain eta Goierri eskualdea ezagutarazteko egindako esfortzuarengatik, eta aurrerantzean ere, Zerain eta Goierri eskualdeak turismo jasangarriaren alde lanean jarraituko dutela ziurtatzen dizuegu 2030 urterako berriki landu dugun Goierriko Egitasmo Turistiko berriaren laguntzaz”.
Lehiaketa antolatzen duen Escapada Rural web guneak jakinarazi duenez, 100.000 pertsonek hartu dute parte lehiaketan botoa emanez. Botoen %16,9 eraman ditu Campo Lameirok, Candeledak (Avila, Espainia) —%16— eta Zerainek —%12,4— jarraituta.
Zazpigarren edizioa bete du aurten Landa Turismoaren Hiriburua lehiaketak. Azken urteetako irabazleen artean daude Olvera (Jaen), Santillana del Mar (Kantabria), Ainsa-Sobrarbe (Huesca) edo Sigüenza (Guadalajara) bezalako herriak.
Horrela geratu da ranking-a:
- Campo Lameiro (Pontevedra): %16,9
- Candeleda (Avila): %16
- Zerain: %12,4
- Colmenar de Oreja (Madril): %10.7
- Nalda (Errioxa): %10,3
- Bocairent (Valentzia): %10
- Cardona (Herrialde Katalanak): %6,8
- Elche de la Bica (Albacete): %6,5
- Segura de Leon (Badajoz): %5,4
- Ricote (Murtzia): %5