Zubillagako hiltegiko Gobernu Batzordeak azken bilera egin du
Urretxuko eta Legazpiko alkateek hartu dute parte azken Batzar Orokorrean. Lantaldeak gobernu batzordearentzako esker oneko hitzak izan ditu
Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuaren batzordeak 2023ko Batzar Orokorra egin zuen pasa den astean, Arrasaten. Maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeen aurretik gobernu batzorde honek egin duen azken batzarra izan zen. Behin hauteskundeak igarota, ekainetik aurrera ordezkari berriek osatuko dute Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuaren Gobernu Batzordea.
Batzar Orokorrean 2023ko kontuen onarpena izan zen eguneko punturik nagusiena. Aho betez onartu ziren aurrekontuak. Iraia Sola erakundeko gerenteak hartu zuen hitza eta Zubillaga-Oñatiren egungo egoeraren berri eman zien bertaratutakoei. Oro har, Zubillagaren eguneroko jardunaren balorazio “positiboa” egin zuen, egoera ekonomiko orokorraren eraginaren ondorioz azken hilabeteetan aktibitatea zerbait jaitsi den arren.
Aro berri bat
Zubillaga Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuaren lantaldeak esker ona luzatu nahi izan dio Gobernu Batzordeari lau urte hautean egindako lanagatik, eta gogotsu agertu da etorkizuneko erronkei modu onean aurre egiteko. Legealdi honetako azken Batzar Orokorreko partaideak izanziren Jon Luqui Urretxuko alkatea eta Koldobike Olabide Legazpiko alkatea. Gainera, Beñardo Kortabarria (Antzuolako alkatea), Santi Balantzategi (Aramaioko zinegotzia), Gorka Artola (Beragarako alkatea), Sabastian Aranzabal (Elgetako zinegotzia), Maite Uribe (Eskoriatzako zinegotzia) Juan Bengoa (Leintz Gatzagako alkatea) eta Axier Iraeta (Oñatiko zinegotzia) ere han izan ziren.