Bost segalari zaldibiar lehiatuko dira bakarkako 14. Euskal Sega Ligan
Hiru jardunaldiko txapelketa antolatu du Almitzak, eta Europako Txapelketarako sailkagarria izango da. Larunbatean hasiko da, Etxalekun (Nafarroa).
Almitzaren 13. Sega Ligako segalari taldeak, iaz./Almitza Almitza elkarteak antolatutako Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Liga larunbatean hasiko da, Etxalekun (Nafarroa), 17:00etan. Ligaxkak hiru saio izango ditu. Etxalekuren ondoren, hurrengoa Hernanin (Gipuzkoa) da, maiatzaren 21ean, eta azkena Altzon (Gipuzkoa) ekainaren 3an.
Aurten Europako Sega Txapelketaren urtea da, uztailean Eslovenian jokatuko da. Horrenbestez, liga honetan erabakiko dira Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak zein izango diren; hamar gizonezko eta bost emakume sailkatuko dira Europako Txapelketara joateko.
Bost zaldibiar
Helduen mailetan 26 segalarik eman dute izena: bederatzi emakumezkoak eta hamazazpi gizonezkoak. Hamar haur ere ariko dira, hiru mailatan. Neskek 35 metro koadroko saila (5×7) eta gizonek 100ekoa ebaki beharko dute, azkar eta txukun.
Goierriko bost segalari ariko dira, guztiak zaldibiarrak: Susana Lopez, Garazi Urkiola, Migel Mari Jauregi Altzo, Akaitz Jauregi eta Josu Mendizabal.

Almitzaren 13. Sega Ligako segalari taldeak, iaz./Almitza













