«Ez naiz inoiz oso diziplinatua izan entrenatzeko garaian»
Euskal Herriko mendi lasterketetan ibiltzen diren korrikalarien artean, gutxi dira Elena Calvillo ezagutzen ez dutenak. Azken hamarkadan hainbat lasterketa irabazitakoa da: besteak beste, Goierriko Bi Handiak eta Ehunmilak, bere herrian jokatzen direnak. Emakume askoren erreferente bilakatu da.
Lanetik irten berritan iritsi da elkarrizketara Elena Calvillo (Ordizia, Gipuzkoa, 1970), eta ohikoa duen irribarrea aurpegian duela agurtu du argazkilaria. Goizean mendian korrika saioa egin duela ere aitortu du hizketan hasi orduko. Mendiaz eta korrika egiteaz gozatzen du oraindik ere. Urte asko jarraitzeko asmoa duela azaldu du.
Korrika urte asko daramatzazun arren, berandu hasi zinen. Nola gogoratzen dituzu hastapen haiek?
25 urte izango nituen lehen korrika saioak egiten hasi nintzenean. Bigarren semeak 6 urte zituen orduan. 16 eta 19 urte artean errugbian ibilia nintzen, baina unibertsitatean hastearekin batera amaitu nituen kirol saioak. Gogoan daukat semea igerilekuan utzi eta tarte hori aprobetxatzen nuela korrika egiteko, Maixabel Urdangarinekin. Gerora, eta senarra ere korrikalaria denez, herrietako krosetan parte hartzen hasi nintzen. Nire lehen lasterketa Josetxo Imazen omenezkoa izan zen, Ordizian. Handik gutxira, lehen Behobia-Donostia korritu nuen. Orduan ez zen orain bezala: askoz emakume gutxiago ibiltzen ginen korrika.
Hasieratik ondo moldatu omen zinen lasterketetan.
Bai, hala izan zen. Ordurako, senarrak lasterketa askotan hartzen zuen parte, eta, horren aitzakian, ni ere apuntatzen ninduen. Lasterketei gustua hartzen hasi nintzen, eta, parte hartu ahala, postuak hobetzen nituen sailkapenean. Konturatzerako, podiumeko postuetan amaitzen hasi nintzen.
Errepideko lasterketa asko jokatutakoa zara?
Bai, urte batzuetan hilean bi lasterketa ere korritu nituen. Urtea amaitzerako 25 lasterketa inguru jokatu nituen urte batzuetan. Lehen bi edo hiru urtertan errepidean lehiatzen nintzen. Ondoren etorri zen mendi lasterketetarako jauzia. Jada hasiak ziren mendi lasterketak ugaritzen inguruetan, eta niri ordurako jada izugarri gustatzen zitzaidan mendia.
Gogoan duzu zure lehen mendi lasterketa?
Gogoratuko ez naiz, ba! Urte asko pasatu dira jada, baina Zegama-Aizkorri izan zen, 2007an. Nik ordurako jada Zegamako lasterketa korritu nahi nuen. Juanito Rubio maratoilariaren bitartez izan nuen aukera; laguna dut. Lasterketako babesle izan da betidanik, eta hark aipatu zidan polita izango litzatekeela eskualdeko emakume batek bertan parte hartzea. Horrela animatu nintzen. Orduan ez ginen hainbeste emakume ateratzen Zegaman. Izugarri gozatu nuen lasterketan zehar, eta, lehen aldi hartan lortutako denborari esker, hurrengo urtean berriz ere parte hartzeko aukera izan nuen. Niretzat beti izan da berezia Zegama-Aizkorri, eta asko gozatu nuen lehen aldi hartan.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.