Bi-Tartean merkatari elkarteak 33 urte bete ditu
Elkartearen logotipoa eguneratzeko lehiaketa antolatu dute
Urretxuko eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak 1990eko Santikutz egunean egin zuen lehen bilera. Atzo 33. urteurrena bete zen. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.
Ekitaldiak atzo aurkeztu zituzten, lehen bilera egin zen tokian: Alvareztarren etxean, Urretxuko Labeaga kalean. Atzoko ekitaldian Bi-Tarteanen bi bultzatzailek parte hartu zuten: Ana Alvarez Berriotxoak eta Mertxe Cobos Cambilek. Duela 33 urteko lehen bilera hartan Asensio Agirrezabal Lizarazuk, Miguel Angel Alonso Ibañezek, Dionisio Depedro Zamarronek, Luis Egiburu Amondarainek, Julio Frontela Martinek, Santiago Garcia Martinezek, Jesus Mari Mendia Etxanizek eta Enrique Mendiola Jungituk ere parte hartu zuten.

Mertxe Cobos Cambil eta Ana Alvarez Berriotxoa, Bi-Tartean elkartearen sortzaileetako bi
Santikutz eguna Legazpiko jaietako egun handia da. Urretxuko eta Zumarragako merkatarientzat ere egun berezia da. Izan ere, Santikutz egun batean egin zuten elkartearen lehen bilera. Legazpin gurutzearen miraria gogoratzen dute. Jainkoak olagizonak zigortu zituen, igande batean lan egiteagatik: gogor lan egin ondoren, labetik gurutze txiki bat besterik ez zuten atera. Urretxuko eta Zumarragako merkatariek ere badute Santikutz eguneko miraria: enpresa handi bati trintxerako obra egitearen truke hipermerkatu bat irekitzea proposatu zioten eta merkatariak hori ekiditeko elkartu ziren. Hortik sortu zen Bi-Tartean elkartea. Atzo lehen bilera haren 33. urteurrena gogoratu zuten eta hainbat ekimen antolatu dituzte urteurrenaren harira.
33. urteurrena ospatzea ez da batere arrunta, baina Bi-Tarteanek lortu duena ere ez da arrunta: duela 33 urte hipermerkatu bat jartzea eragotzi zuen eta 33 urte hauetan merkataritza txikia eta bi herrietako kaleak bizirik mantentzea lortu du. Etsaiak handiak dira, baina merkataritza txikiak bezeroekin eta herriekin duen konpromisoa handiagoa da oraindik.
33 urte hauetan herritarrekin eta herriarentzat lan egin dute eta 33. urteurrena herritarrekin ospatuko dute. Hasteko, logoaren eguneraketa lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa irekia izango da: herritarrek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, gaurtik hilaren 19ra. Oinarriak Bitartean.eus webgunean daude.
Epaimahai batek aukeraketa bat egingo du eta hiru finalista geratuko dira. Hiru finalisten lanak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko harreran jarriko dira eta herritarrek hiru finalista horietako bat aukeratuko dute. Erakusketan lehiaketara aurkeztutako gainontzeko lanak ere ikusi ahal izango dira.
Irabazleak 150 euroko erosketa balea eskuratuko du eta bozka ematen duten herritar guztien artean 30 euroko lau erosketa bale zozkatuko dira.
Datozen asteetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte: establezimenduak eta batez ere atzean dauden profesionalak hobeto ezagutzera emango dira (profesionalei protagonismoa emango zaie), establezimendu hauek kokatu egingo dira (plano komertziala egingo da), tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu enpresen eguna ospatuko da, herriko jai ezberdinetan parte hartuko da eta elkartearen urteurren festa egingo da.
Bi-Tarteaneko kideek eskerrak eman zizkieten bizilagunei eta elkarrekin lan egiten jarraitzera animatu zituzten. «Orain arte egin duzuen bezalaxe, Urretxu-Zumarraga merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen gunea aukeratzen jarrai dezazuen nahi dugu. Zuen eguneroko bizitza hobetzen laguntzeko gure gaitasunean sinesten dugu eta horregatik dakiguna zuekin konpartitzen jarraitu nahi dugu. Dagoeneko urte asko daramatzagu elkarrekin. Askok belaunaldi ezberdinak ezagutu ditugu eta beste askok belaunaldi gehiago ezagutu nahi ditugu. Elkarteak 33 urte bete ditu aurten eta zuekin ospatu nahi dugu».
Bukatzeko, Bi-Tarteaneko kideek Urretxu-Zumarraga merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen gunearen ezaugarriak gogoratu zituzten. Profesionaltasuna, egokitzeko gaitasuna, konpromisoa, gertutasuna, berezitasuna eta harremana azpimarratu zituzten. «Gurean arituak eta adituak gara. Etengabe egoera berrietara egokitzen eta eguneratzen dihardugu, oinarri sendoa dugulako eta egiten duguna maite dugulako. Herriarekin konpromisoa dugu. Herria bizi behar dela uste dugu. Zuekin batera herria bizi nahi dugu. Bizilagunak gara eta ezagutzen zaitugu. Ezberdinak gara eta ezberdintasuna maite dugu. Bizilagunen arteko harremanean sinesten dugu. Zuekin batera taldea osatzen dugu».













