Zegamako Intxaustierrota bisitatzeko aukera igandean
Zegamako Intxaustierrota Gipuzkoako zeramika-errota bakarra da. XX. mendearen hasieran eraiki zuen Zegamako eltzegile batek buztina irabiatu eta bernizak ehotzeko. Errekaren beste aldean, Intxausti baserria dago. Garai batean buztina lantzeko labea zegoen bertan, eta zeramika ontziak lehortzeko gune bezala ere erabiltzen zen.
Anduetza parketxeak Intxaustierrota ezagutzeko bisita gidatua antolatu du igande honetarako, maiatzaren 14an ospatuko den Gipuzkoako Erroten Egunaren harira. Bisitari 11:00etan emango zaio hasiera eta doakoa da, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Informazio gehiago: 688 623 609 telefonoan.
Bigarren Erroten Eguna
Datorren maiatzaren 14an ospatuko da bigarren urtez, Gipuzkoako Erroten Eguna. Hori horrela, ondare elementu hauen inguruko jarduera programa zabala egingo da, horiek balioan jarri eta jendeari ezagutzera emateko. Errotak ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzia handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean, baita gizakiak bere ingurunearekin izan duen harremanaren adierazle esanguratsuak ere.