Igartza, errotarien bilgune
Igartzako errotan hasi da Gipuzkoako Erroten garrantzia azpimarratzeko ekintza zikloa. Datorren astean egingo duten Gipuzkoako Erroten Eguna aurkeztu dute
Ibaian behera doan ur tantan batek bidean errotak topatzen dituen eran, egunek ere Gipuzkoako erroten inguruko ekintzak topatuko dituzte egutegian. Maiatza osoan izango dira erroten garrantzia jakinarazteko antolatutako ekintzak, asko eta asko Goierrin. gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala, Igartzako errotan.
Egun handia datorren igandean izango da, maiatzak 14. Alex Roteta errotariak aletu du eguneko egitaraua: azaldu du bisita gidatuak egingo direla, besteak beste, Aramako Ibares errotara, Ataungo Larruntza errotara, Legazpiko Igaraldera, Mutiloako Errotatxora, Zeraingo Larraondora edota Ormaiztegiko Iraegi, Lapatza eta Goiko errotetara. Helburua da erakustea errota baten funtzionamendua, historikoki izan duten garrantzia eta egungo egoera.
Harira, Irati otamendi Irizar arkitektoak errotek Oria ibaiaren inguruan sorturiko industriaren hastapenean izandako garrantziaren inguruko hitzaldia eskaini du gaur, Igartzan. Ez da hizlari bakarra izan. Joxe Bikuña ataundarrak Larruntza errotaren berreskurapen lanei buruz hitz egin du eta Iñaki Ugalde Alustiza Mutiloako alkateak Errotatxoren gaur egungo erabilera zehaztu du.
Gipuzkoa osoko 50 bat errotari elkartu dira gaurkoan Igartzan. Leire Artola Beasaingo alkateak ongi etorria egin die denei. Igartzako Monumentu Multzoko lankideekin batera, Igartzako errota bertatik bertara erakutsi die.
Erakusketa, zabalik
Igartzako errotari buruzko erakusketa ere gaur zabaldu dute, egun berezia izan dela baliatuta. Utzaileran 2ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbat eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
MAIATZAK 7
- Zegama. Intxausti errotara bisita gidatua (12:00-13:00).
MAIATZAK 13
- Beasain. Talo ikastaroa (17:00).
- Ezkio. Igartubeiti baserri museoan, familientzako lantegia (16:30-18:30).
- Zaldibia. Ikus-entzunezkoaren aurkezpena udaletxeko herri aretoan, 10:15ean. Erroten ibilbidea eta Kanpaingo errotaren ate irekiak, 10:30ean.
MAIATZAK 14
- Arama. Ibares errotara bisita gidatuak (10:30-12:00; 12:00-13:30; 16:00-17:30; 17:30-19:00). Talo ikastaroa (11:00etan eta 16:00etan).
- Ataun. Larruntza errotara bisita gidatua (10:00 eta 12:00 euskaraz; 11:00 eta 13:00 gazteleraz).
- Legazpi. Igaralde errotara bisita gidatua, 11:00etan.
- Mutiloa. Errotatxora bisita gidatua, 11:00etan.
- Zerain. Larraondo zerrategi hidraulikora bisita gidatua, 12:00etan.
- Ormaiztegi. Errotek herriari eta herritarrei emandakoa ikus-entzunezkoa, 18:30ean.
UZTAILAREN 2ra arte
- Igartzako errota erakusketa