Oreka besterik ez da behar
Monoziklo topaketa antolatu dute lehendabizikoz Itsasondon. Goierriko ziklistak ez ezik, kanpotik ere hurbildu da jendea. Pedalak ematea gutxi zutenez, saskibaloian jokatu dute, bestelako oreka jolasak egin dituzte...
Nazional 1 errepide zaharrean txirrindulari mordoa zebilen gaur. Eguna ere aproposa zen: asteburua, tenperatura goxoa… Bi gurpileko txirrindulariei baina, konpetentzia atera zaie errepide bazterrean, Itsasondo parean. Frontoia ziklistaz bete da, baina gurpil bakarreko ziklistez. Monoziklo topaketa egin dute gaur arratsaldean Itsasondo.
Hogei bat lagun elkartu dira. Gehienak, goierritarrak, Orekan bizi naiz elkartekoak; baina, ez denak. Arrasatetik (Gipuzkoa), Bizkaitik, Nafarroatik eta baita ere Espainiatik etorri baita jendea Itsasondora. “Topaketa dezente egiten ditugu. Orain dela gutxi, esaterako, Agoitzen (Nafarroa) izan gara. Eta oraingoa, hona gonbidatu ditugu”, esplikatu du Oskarrek, gaurko antolatzaileetako batek. Asteburu pasa etorri direla gaineratu du. Hizketan zebilen bitartean ere ez da monoziklotik jaitsi, duen trebeziaren erakusle. “Ostegunero elkartzen gara, Beasaingo kiroldegian. Pare bat orduko saioak egiten ditugu”, azaldu du.
Dozena bat lagun elkartzen dira normalean. Gehiago ere bai, batzuetan. Adin eta sexu ezberdinetako talde hetereoa da. Goierriko ziklistetako bat Itoitz da. Hamabost urte ditu, eta ia bizitza erdia darama monoziklo gainean. “Zortzi urterekin hasi nintzen. Ikusi egin nuen eta probatu nahi nuela banekien”. Lehen saiakeran ez zuen metrorik egitea lortu, baina hartu zion sekretua. Aurrera eta atzera, erraz dabil egun.
Esperantza horrekin dabil gazte kuadrilla bat. Errota pilotalekuko ezker paretan lagunduta ari dira, poliki poliki, ikasten. Kazetari hau ere saiatu da pare bat bider, baina ez du oreka mantentzerik lortu, ezta ezkerrean pareta eta eskuinean adituen eskua izan arren.
Epaile, pedalkadak
Batzuk hasi ezin duten arren egin, beste batzuk monoziklo gainean saskibaloian jokatzeko gai dira. Elkartutakoen artean partida bat antolatu dute, peto berdekoak urdinekoen aurka. Emaitza gutxienekoa izan da, helburua lagun artean monozikloa sustatzea izan baita.
Batzuk saskibaloian ari ziren bitartean, besteek oreka jolasak egin dituzte. Slackline edo tenk ez dagoen lokarri batean oreka mantentzeko jolasa antolatu dute baztar batean. Haur itsasondoarren artean sekulako arrakasta izan du. Buruz behera jarri eta gorputzarekin egin beharreko bestelako oreka jolasak ere antolatu dituzte. Zuzeneko musika ere izan da.