Elkarrekin Zumarraga Plastic Energy-ren egitasmoaren aurka azaldu da
Elkarrekin Zumarraga Plastic Energy enpresak Arcelorren lursailetan lantegian irekitzearen aurka azaldu da. Bertan, sektore estrategikoak eta balio erantsia duten enpresak ezartzearen alde azaldu da. Ingurumena errespetatuko dutenak eta kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuko dituztenak.
Plastic Energy-k ez duela hori eskaintzen gehitu du. “Gipuzkoako eta Zumarragako PSE-EEk defendatzen duten egitasmo horren aurka daude, erabat. Plastic Energy-k plastikoa erretzen du, kontrakoa badiote ere. Ondo ezagutzen dugu Alcala de Guadairan duen lantegia. Hirigunetik 4 kilometroa dago. Hemen, berriz, zumarragarrok goizero gasak gosaltzea nahi dute. Gas horiek (CO2, SO2, floruroak…) kutsatzaileak dira eta gure eta gure seme-alaben osasunerako oso kaltegarriak. Gainera, plastikozko poltsak erretzen dituzte. Milaka pilatzen dituzte fabrikaren kanpoaldean. Nondik atera behar dituzte Zumarragara ekarriko dituztenak? Alde batetik dendetan plastikozko poltsak ez erabiltzeko esaten digute eta bestetik dozenaka kamioi etorriko dira plastikozko poltsekin. Ez al da kontraesana? Bestalde, plastikoak erretzea ekonomia zirkularraren aurkakoa da. Eta Europar Batasuna ekonomia zirkularraren aldekoa da, baliabideak ahalik eta gehien erabiltzearen aldekoa. Ontziak berrerabiltzearen, birziklatzearen edo konpostatzearen aldekoa”.
Egitasmoaren aurka dauden alderdiak elkarrekin lan egitera deitu ditu. “Argi utzi behar dugu egitasmo hau ez dela onargarria. Eta enpresaren ezartzea oztopatu beharra dugu. Enpresa horrek kualifikazio altuko 20-30 lanpostu besterik ez ditu sortuko eta epe luzera Zumarraga Estatu espainiarreko zati handi baten eta Frantziar estatuko zati baten zabortegia bilakatuko da eta gure bizilagunek gaixotasun larriak pairatuko dituzte. Hor nahi al dugu? Alkatea ez da hemen bizi eta, dirudienez, ez zaio asko axoka bizilagunen osasuna. Zumarragako PSE-EE alde batetik amiantoaren biktimen aldeko mozioa onartzeaz harro azaldu da (ez duten beraiek proposatu eta landu) eta bestetik enpresa kutsatzaile hori herrira ekarri nahi du. Elkarrekin Zumarragan oso argi dugu: ez dugu Plastic Energy nahi eta ezta beste edozein erraustegi ere. Zumarraga justuago eta jasangarriago baten alde lanean jarraituko dugu”.