Gazta protagonista asteburuan Idiazabalen
Gazta izan da asteburu honetako protagonista Idiazabalen, Gazta Azokan. Bertaratu direnen arabera, azokako gaztarik onena idiazabalgo Aranburu Gaztandegikoa izan da, lehiaketako saria etxean utziz beste urte batez.
Gazta izan da asteburu honetako protagonista Idiazabalen eta jendetza ibili da azokako gunean, igande goiz osoan zehar beteta egon dira azokako gune guztiak. Jakina da jaki honek Idiazabalen duen garrantzia eta ospe horri tiraka, asteburu honetako festa gaztaren ingurukoa izan da. Gazta azoka izan dute asteburu osoan zehar. Hainbat eta hainbat postu izan dira. Gehienak gazta postuak izan dira, baina baziren bestelako produktuen postuak ere, hala nola, artisautza postuak. Oiarbide Harategiak ere atera ditu bere produktuak kalera eta Oiharte sagardotegiak ere izan du bere lekutxoa Idiazabalgo plazako postuetan. Plazaren erdiko gunean gazta kata izan dute eta honen bitartez aukeratu dute herritarrek aurtengo azokako gazta irabazlea.
Guztiontzako azoka izatea nahi izan dute antolatzaileek eta ondorioz, haurrentzako gune bat jarri dute udaletxe alboko pistan. Euskal kulturan garrantzia berezia duten kirolak haurrei egokitu dizkiete, Kulki elkartearen eskutik. Bertan, haurrak esku pilotan, txingetan, trontzan eta beste hainbat kiroletan aritu dira. Beste hainbat txoko ere jarri dituzte Idiazablen, adibidez, Txomenanean ardiak zeuden ikusgai, baita hauek eskilatzen ari zirenak ere.
Gaztarekin asko lotzen dira artzainak, azken finean, gaztari egiten dieten ekarpena izugarria da eta. Horregatik, gazta lehiaketako sari banaketaren aurretik omenaldi bat egin dute. 1998az geroztik urtero urtero herriko artzain bati omenaldia egin izan zaio, herriari egindako ekarpenagatik. Hala ere, aurten omenaldia beste era batera egin dute, artzain bati egin beharrean artzaintzari orokorrean egindako ekarpenagatik omendu dute Gomiztegiko Artzain Eskola. Gomiztegiko Artzain Eskola 1997an sortu zen eta geroztik, 310 ikasle pasa dira bertatik. Artzain arteko «sare bat sortzea» eskertu zaio eskolari; baita «lehen sektoreari, artzaintzari eta bereziki gaztari» egindako ekarpenagatik. Eguerdiko 14:00etan egin dute omenaldia Idiazabalgo udaletxeko atarian eta ondoren, gazta lehiaketako irabazleak iragarri dituzte, sari banaketa egitearekin batera.
Gazta lehiaketa
Gazta ugari egon dira aurtengoan ere Gazta Azokan, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriak. Hala ere, idiazabaldarrek hala erabakita, etxeko gazta izan da saritua, Idiazabalgo Aranburu Gaztandegiko gazta, hain zuzen ere. Iaz ere Idiazabalen bertan geratu zen lehen saria eta 2019an ere berdin. Herritarrek katan probatu eta bozka eman dute haien zapore gustokoenaren alde. Sari banaketaren ondoren Idiazabalgo Axari Dantza Taldeko haurrek agurra eskaini die sarituei. Honela geratu da sailkapena aurtengo gazta lehiaketan, 5.postuan berdinketa batekin:
- Aranburu Gaztandegia (Idiazabal, Gipuzkoa)
- Baztarrika Gaztak (Gabiria, Gipuzkoa)
- Bostibaieta Iruri (Legutio, Araba)
- J Etxezarreta Anaiak (Zerain, Gipuzkoa)
- Sustrai Gaztategia (Uharte-Arakil, Nafarroa) / Mausitxa Gaztandegia (Elgoibar, Gipuzkoa)