Mota desberdinetako landareak Urretxuko lore eta landare azokan
XVII. Lore eta landare azoka egin dute gaurkoan Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Mota desberdinetako landare ugari izan dituzte aukeran erosleek.
Goizean goiz iritsi dira lore eta landare saltzaileak Urretxuko Gernikako Arbola plazara, guztia prestatu eta goiz bikaina pasatzeko asmotan. Zortzi postu inguru izan dituzte bertan, landare desberdinez osatuak eta goizeko 10etatik eguerdira bitartean bertan egon dira, haien lore eta landareak erakusketan jarri eta saltzen.
Klabelinak, arrosak, cenexak, geranioak… lore eta landare ugari izan dira bertan, bakoitzaren gustura eta erosleek helburu desberdinekin erosi dituzte. Batzuk aitortu dutenaren arabera, amaren eguna izanik, «amari oparitzeko» loreak erosi dituzte; beste batzuk, aldiz, «etxean zein baserrian jartzeko» erosi dituzte, dekorazio moduan. Badira urtero erosten dituztenak ere, lorezaintza gustoko dutelako.