Lazkaomendi auzoa, festaren hiri
Ostiral arratsaldetik igande iluntzera, Lazkaomendin ekitaldi jendetsuak eta jai giro aparta izan dira, festetan. Herri kirolek erakarri dute jende gehien, baita musak eta bizikletak ere.
Betekada bat hartu du Lazkaomendik asteburuan, eguraldia lagun, hiru eguneko festak ospatzeko. Ostiral iluntzean, Lartxai elkartea bete gaztek hasi zuten egitaraua. Giro ederrean hasi ere, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariek piztutako sugarrari umoretsu jarraituz.
Junior mailakoen 57. Lazkaomendi Proban 68 txirrindularik bukatu zuten, larunbat eguerdian, 99 kilometroko etapa. Iker Gomezek (Quesos Albeniz, 2.22.29) irabazi zuen, bigarren Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa, 3ra) eta hirugaren Jon Conejero (Eleyco-Iturribero, 5era) zituela. Irabazlearen batez bestekoa, hiru mendateko karreran –Larraitz, Gaintza eta Lazkaomendi bukaeran–, aipagarria: 41,69 km/h.
Mendiko saria ere Gomezek berak eraman zuen, eta taldekakoa Eleyco-Iturriberok. Ampo Ikolan goierritarra 4. izan zen.
Musa eta herri kirolak
Mus txapelketan 67 bikotek jokatu zuten, arratsaldean, Itxurrenen. Joanes eta Ander lazkaotarrak atera ziren txapeldun –baita 1.000 euroren jabe ere–, Azpeitia-Aizarnazabalgo Dani eta Iñaki bigarren, Isidro eta Ana Mari lazkaotarrak hirugarren, eta Julen eta Mikel ataundarrak gero.
Igandeko jardunaldiak ere erakarri zuen bisitaririk Lazkaomendi gainera. Goizean, oinezko ibilaldia egin zuten Lazkaotik, San Benito Ikastolak antolatuta. 90 bat haur izan ziren, gurasoez aparte. Ibilbidean argazki lehiaketa zeukaten, eta talde irabazlea Naroa Garmendia, Naia Arteaga, Iraia Agirre eta Uxue Deba lagunek osatu zuten.
Behin goian, mokadu goxoa eta erromeria egin zituzten. San Joan ermitan, berriz, meza Rufino Mujika eta Dionisio Amundarain beneditarrek eman zuten.
Igande arratsaldean, azkenik, bukaera borobila ipintzeko herri kirol desafio eta erakustaldi aparta izan zen. Egundoko jendetza batu zen Itxurrene inguruan, gaztea asko.
Desafioa Lazkaomendiko gazte taldeak irabazi zuen, iaz bezalaxe. Bigarren Zaldibiako taldea geratu zen, eta hirugarren Lazkaomendiko beteranoena. Hainbat kirol txandatuz, hogei minututik gora jardun ziren.