Errekordunen faltan, irekiagoa
Kilian Jornet eta Nienke Brinkman iazko irabazle eta probaren errekordunak ez dira Zegaman izango. Jonathan Albon eta Blandine L’hirondel lehen aldiz faboritoen artean.
«Markako Zegama-Aizkorri». Titular horrekin zabaldu zuen iaz egunkari honek maratoiaren ondorenari zegokion albistea. Kilian Jornetek eta Davide Magninik gizonezkoetan, eta Nienke Brinkmanek, Maude Mathysek eta Sara Alonsok emakumezkoetan birrindu egin zituzten duela sei urte Stian Angermund-Vik-ek (3:45:08) eta Maite Maiorak (4:34:27) jarritakoak. Aise ondu ere, Jornetek 8:28 minutu jaitsi zuen, eta Brinkmanek 17:44.
Kataluniarrak hamargarren txapela jantzi zuen iaz, eta Brinkman herbereetarrak denak harritu. Ez bata ez bestea ez dira aurten Zegaman izango, bakoitza bere proiektuetan murgilduta baitabil. Jornet Himalaian dago, eta Everest eta Lhotse oxigenorik gabe igotzea ditu helburu. Brinkamek, berriz, Olinpiar Jokoetan lehiatzeko gutxienekoa lortu du orain hilabete Bostongo maratoian, eta ez du behar adina denborarik izan Zegamara nahi bezala iristeko.
Izen horien faltan, Norvegian bizi eta Jorneten entrenamendu kide den Jonathan Albon britaniarraren izena bolo-bolo dabil gizonezkoetan irabazteko, eta Blandine L’hirondel frantziarrarena emakumezkoetan nagusitzeko. Eta beste bi izen aipatzekotan, Zegama ondo baino hobeto ezagutzen duten birenak ekarri behar: Manuel Merillas eta Oihana Kortazar. Hautagai zerrenda luzea da, dena den.
Denetik duen ibilbidea
Aratz-Aizkorri parke naturalaren barruan jokatzen da lasterketa, eta Euskal Autonomi Erkidegoko tontorrik garaienak zeharkatzen ditu, Aratz (1.443 metro, 16. km), Aizkorri (1.523 metro, 22,5 km) eta Aketegi (1.551 metro, 23,2 km), besteak beste. Plazatik abiatzen da (296 metro), eta zazpigarren kilometroan dagoen Otsaurteko mendatea da lehen jomuga nagusia (652 metro). Hortik gora, bidezidor eta kaltzadetan barrena, pagadi ederrak, haitz biziko malkar zakarrak eta mendi-larreak zeharkatuko dituzte lasterkariek.
Desnibel positiboaren zatirik handiena lehen 21 kilometroetan dago, eta eremu teknikoenak Aratzeko jaitsiera irristakorra eta Aizkorritik Urbiarakoa dira, Andraitz mendikoa (30. km) bera gutxietsi gabe. Hortik aurrerako bide zatia beheraka da ia, baso bideetan barrena, abiapuntu eta helmuga den plazara iritsi arte.
FITXA TEKNIKOA
- Eguna. 2023ko maiatzaren 14a.
- Irteera eta helmuga. Zegamako plaza. Irteera ordua: 09:00.
- Distantzia. 42,195 km.
- Pasagune kontrolak. 13.
- Jan-edari postuak. 14.
- Tarteko helmugak. Aizkorri (22,58 km).
- Gorabehera metatua. 5.472 metro.
- Gehieneko altuera. 1.551 metro (Aketegi).
- Gutxieneko altuera. 296 metro (Zegama).
- Eremu teknikoa ehunekotan. %50 gutxi gora behera.
- Gehieneko denbora. 8 ordu.
- Zailtasuna. Oso handia.
- Gehienezko parte-hartzaile kopurua. 500.