Krisi klimatikoari aurre
Klima hamabostaldiaren barruan, ‘Klima aldaketari aurre’ erakusketa dago ikusgai Barrena Kultur Etxean, ostiralera arte. Klima aldaketaren eraginak zein konponbideak azaltzen ditu.
Klima hamabostaldiaren barruan, Klima aldaketari aurre erakusketa antolatu du Ordiziako Udalak. Barrena Kultur Etxeko atarian dago ikusgai, ostiralera arte. Klima aldaketa zer den, horrek dituen eta izan ditzakeen eraginak zein konponbide proposamenak ezagutu daitezke ibilbide motz baten bitartez.
Krisi klimatikoa arazo globala da, baina Ordiziako kasura ekarri dute dokumentazio lana, erakusketan azaldu bezala, «klima ondorioei aurreratzea ezinbestekoa izango baita udalerriko ongizatea bermatu nahi bada». Horretarako Ordiziako datuak bildu dituzte. Esate baterako, Ordiziako Berotegi Efektuko Gasen isurien (industriarik gabe), %57 garraioak eragin zuen 2010ean, eta %67a, 2020an. Hamarkada batean %10 gora egin du.
Faktore ezberdinak izan dituzte haintzat datuak jasotzeko eta, era berean, horiei aurre egiteko proposamenak bota dituzte: garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea, bidaiak planifikatzea, igorpen gutxiko motordun ibilgailua erostea, etxean klimatizazioa arduraz erabiltzea, bainatu ordez dutxatzea edota LED bonbilak erabiltzea, besteak beste. Herritarrek ere proposamenak idatzi ditzakete panel batean.
2050erako helburuak
Energia Iraunkortasunerako ekintza plana onartu zuen udalak 2019an, isuriak murrizteko bideak definituz. Iaz Klima eta Energia Iraunkorrerako ekintza plana osatu zuten, 2030ko helburuak lortzeko, tartean, CO2 isurpenak gutxienez %40 murriztea. 2050erako klima aldaketa murriztu, inpaktuetara egokitzeko gaitasuna sendotu, eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria lortzeko neurriak landu nahi dira.