Lazkao Txiki 32. Bertsopaper lehiaketara lanak bidaltzeko epea ireki dute
Uztailaren 1erako bidali behar dira lanak. Sari banaketa irailaren 10ean izango da, Ordiziako Euskal Jaien barruan.
Lazkao Txiki 32. Bertsopaper Lehiaketa martxan jarri du Ordiziako Argi Berri Elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, eta lanak bidaltzeko epea ireki dute. Lazkao Txikiren eredua eta haren izpiritua oinarri, “euskal izpiritua, bertsolari izpiritua txertatu” nahi dute “ernaltzen ari diren muin berrietan”. Hori da lehiaketaren helburua antolatzaileen esanetan. “Landare berriak sustatzea, zaintzea… Asmo horrekin sortu genuen Bertso Eskola eta horixe bera da gure lehiaketa honen helburua”.
Lehiaketa 3 mailatan banatzen dute: gaztetxoen maila, 13 urte artekoentzat (2023an 14 betetzen ez dituztenentzat); gazteen maila, 14-18 urte artekoentzat (2023an gutxienez 14 urte eta gehienez 18 urte betetzen dituztenentzat); eta helduen maila, 2004an edo aurretik jaiotakoentzat.
Gaztetxoen mailan, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidali ditzake, bertsopaper bakoitzeko gutxienez 2 eta gehienez 4 bertso idatzita. Gazte eta helduen mailetan ere parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidali ditzake, baina gutxienez 8 eta gehienez 12 bertso idatzita. Gaztetxoen mailako gaia ‘Sakelakorik gabe ezin bizi’ izango da, eta gazte eta helduen mailetan, berriz, gaia libre izango da. Hiru mailetan, neurria eta doinua libreak izango dira.
Lanak Argi-Berri Elkartea (Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa), Gipuzkoa kalea 15-behea 20240 Ordizia helbidera bidaliko dira, edo e-postaz aitor-c@aek.eus helbidera, uztailaren 1erako. Sari banaketa irailaren 10ean egingo dute, Ordiziako Euskal Jaien barruan.
Baldintzak:
- Bertsoek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabekoak izan behar dute.
- Lanak bidaltzerakoan originala eta lau kopia bidaliko dira (ohiko posta erabiliz gero).
- Lanak izenorde ezezagunez bakarrik sinatuko dira, hobe bertso sortaren barrenean. Izenordearekin bakarrik bidaliko dira.
- Beste gutun azal batean, izenordearekin batera izena, adina, jaiotze data, helbidea, telefono zenbakia bidaliko dira.
- Bertsoak ordenagailuz idatzirik bidaltzea eskatzen da.
- Bertso bakoitzari bere ordena-zenbakia jarriko zaio.
- Bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztu behar da.
- E-postaz bidaliz gero, mezu berean alde batetik bertsoak eta bestetik egilearen datuak bidaliko dira.