Marrubi txiki zaporetsuak iritsi dira Aramatik
Tomatea, zizak, onddoak eta loreak geroz eta ugariagoak dira, udaberria ondo doan seinale.
Udaberria aurrera doa, eta nabaria da hori azken asteetan Ordiziako ferian. Produktu berriak iristen ari dira etengabe, eta gaur marrubien txanda izan da. Aurreko egunetan baino eguraldi hotzagoarekin, eta lanbro tanta batzuekin lagunduta iritsi dira feriara, Aramatik. Arantxa eta Maite Zurutuzaren postuan izan dira salgai, kiloa 9 euroan. Abendutik fruta saltzaileen postuetan Marokotik edo Huelvatik (Espainia) ekarrita salgai daudenak baino txikiagoak dira Aramakoak, baina zapore handiagokoak, hau da, gozoagoak jateko. Gaur hasita, datozen asteetan ere izango da hemengo fruta hau erosteko aukera.
Marrubiak aipatuta, urteko lehen gereziak ere jateko moduan daudela esan du Zurutuzatarren postuaren pare-parean, plazaren beste puntan egoten den Maria Jesus Oriak. Itsasoko Estala-Goikoa baserriko lurretan ditu gereziondoak, eta berak lehen aleak probatu dituela gehitu du. Baina kezkatuta dago atzo eta gaur egindako euriarekin, horren eraginez aleak zartatu egiten direlako, eta horrela txoriek errazago jaten dituztelako. Onik jarraitzen badute eta nahiko kantitate biltzen badu, feriara eramango dituela agindu du.
Bestela, gaur Jose Mari Uzinek aurreko astean baino tomate gehiago ekarri duela esan behar da, eta ilara luzea sortu da bere postuan. Berriz ere laster asko saldu ditu, izan ere, bezero batek esan duen bezala, “tomate gose” zegoen jendea. Azkoitiko Gurutziaga baserriko negutegietan hazitako tomatea da, Jack motakoa, eta kiloa 5,5 euroan du.
Lore ugari aukeran
Lore eskaintza zabalaz ere hitz egin behar da. Lore moztuetan izan da zer erosi gaur, aspaldi iritsi ziren kalak, adibidez. Baina lore berriak ere ikusi dira goizean, Zurutuza ahizpen postuan hain zuzen: peonia, Centaurea edo nabar-lorea, irisa eta arrosa gorria. Sortatan zituzten salgai, 5 euroan sorta bakoitza.
Bestela, barazki landare postuetan bezala, lore postuetan ere geroz eta mugimendu gehiago ikusten da, bai Iñaki Azanzak eta bai Maria Dolores Mendizabalek aukera handia dutelako eguraldia hobetzen ari den garai honetarako. Hona hemen lore landare nabarmenen prezioak: begonia (1,20-1,50 €), dragoi begonia(4-4,50 €), dimorfoteka (5,50-6 €), diplademia (5,25 €), fuksia (7-8,50 €), gardenia (15 €), geranioa (2,80-2,90 €), gerbera (5,50 €), hortentsia (15-30 €), alegria (1,2o-1,40 €), izpilikua (3,50-5,50 €), kalantxoea (6-6,50 €), kanpanula (8,50-10 €), koleoa (2-2,50 €), krabelina (5,50-7 €), arrosa (12,50-15 €), petunia (1,20-1,50 €), portulaka (6 €), surfinia (2,50-2,90 €), tajetea (1,20 €) eta vinca (1,50.4 €).
Zizak, geroz eta gehiago
Perretxikoen eskaintza ere zabaltzen doa poliki-poliki, eta gaur ziza pila ikusgarriak ikusi dira Mikel Lasaren, Garbiñe Barandiaranen eta Felix Barcinaren postuetan, 330 kiloko eskaintza osatuz. Kiloaren prezioak 10 eta 45 euro artean egin du. Aramako Arantxa Lopetegik ere izan ditu beste hiru kilo salgai, inguruko mendietan bildutakoak.
Halakoak ziren baita ere, gertukoak, Lasak salgai jarritako hiru kilo onddo, kiloa 36 euroan. Urrutiagokoekin, Lasak berak eta Barcinak beste 57 kiloko lotea izan dute salgai, honako hauen kiloa 32 eta 35 euro artean.
Lasak, gainera, lau kilo karraspina ere bazituen aukeran, kiloa 40 euroan.
Itziarren urtebetetzea
Feriak izan du gaur protagonista berezi bat. Udaletxe azpiko arkupeetan postua duen Arizmendi Gaztak daraman Itziar Etxeberria. Gaur 50 urte betetzen ditu, eta bezeroekin eta hurbildu diren guztiekin ospatu du urtebetetzea goizean, gazta pintxoak eta sagardo trago bat eskainiz guztiei. Zorionak Itziar!