«Oso gizon interesgarria da Che Guevara, errepikaezina delako»
Ernesto Guevara 'Che'-ren bizitzaren inguruko erakusketa jarri du Manolo Carrasco beasaindarrak Itsasondoko Kulturgunean. Ostiralera arte dago ikusgai, lehen solairuan.
Zer aurkituko du erakusketa ikustera datorrenak?
Ernesto Guevararen bizitzaren errepaso txiki bat, jaiotzetik hasi eta hil zutenera arte, biltzen joan naizen argazkien eta testuen bidez. Ondoren, hil zutenetik 30 urtera hezurrak agertu zireneko argazkia ere badago.
Nolatan daukazu Che Guevararen bizitzarekiko zaletasuna?
1967an hil zuten. Nik 17 urte nituen. Liburu pila bat atera ziren haren inguruan. Horietako bat nire eskuetan erori zen, irakurri egin nuen eta ordutik. Oso gizon interesgarria da, errepikaezina delako. Beraren historia zoragarria da: lehenengo Kubako Banku Nazionaleko presidentea izan zen, gero industria ministroa, kanpo-ministroa, frantsesa hitz egiten zuen, asmatikoa zen… Ezkonduta, bost seme-alabarekin, bere bizimodua utzi zuen eta Boliviara joan zen, borrokatzera.
Beste hainbat lekutan izan zara erakusketarekin.
Bai, erakusketa asko egin ditut: Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan…Ordizian ere egin ditut.
Urtez urte haren inguruko gauza berriak deskubritzen dituzu ala ia dena irakurri duzu?
Ez, beti dago gauza berriren bat. Urtero ateratzen da libururen bat, harekin ibilitakoren batena edo ingurukoena.
Kuban izan zarela diozu.
Bai, bi aldiz egon naiz. Horietako batean, 2007an, Ernesto Guevararen heriotzaren 40. urteurreneko omenaldian izan nintzen.
Astelehenean izan zen inaugurazioa. Zer moduz?
Ondo joan zen. Ni hemen izan nintzen azalpenak ematen eta jende dezente inguratu zen.
Ostiralera arte izango dute aukera herritarrek ikusteko.
Bai. 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Ostiralean etorriko naiz, eta asteburuan itxita dagoenez, astelehenean jasoko dut erakusketa.













