EH Bizirik-ek deitutako manifestazioarekin bat egin du Landarlan-ek
Larunbatean izango da manifestazioa, Gasteizko San Anton plazan, 18:00etan. Goierritik joateko ibilgailuak partekatzeko deialdia egin dute. Beasaingo Bernedo parkean geratuko dira, 15:30ean.
Landarlan Ingurumen Elkarteak Euskal Herria Bizirik plataformak deitutako manifestazioarekin bat egin du, eta bertan egongo dira ordezkariak. Euskal Herri mailako manifestazio nazionala izango da, larunbatean, Gasteizko San Anton plazan, 18:00etan. Goierritarrak deitu dituzte parte hartzera.
“Energia berriztagarriak bultzatu behar direla zalantzarik ez dugu baina dugun energia kontsumo ikaragarria asko murriztu behar dugu baita. Ezin dugu onartu ordea, energia berriztagarriak garatzeko proiektuek natura guneak eta landa eremuaren industrializazioa bultzatzea, enpresa handien interesak babestuz eta baserritar txikiei bizkarra emanez. Are gehiago, energia kontsumo eta ingurumen inpaktu handia suposatzen duten azpiegiturak behin betiko gelditu behar dira: AHT eta azpiegiturak, erraustegiak, makrozentral eoliko eta fotoboltaikoak eta horiei dagozkien banaketa lineak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak”, azaldu du ohar baten bidez Landarlan-ek.
Horregatik Gasteizeko manifestaziora joango dira, “natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa delako bizitza bermatzeko”. Herritarrak animatu dituzte parte hartzera, “lurra defendatzeko”. Goierritik joateko ibilgailuak partekatzeko deialdia egin dute. Beasaingo Bernedo parkean geratuko dira, 15:30ean, tren bagoiaren aurrean.