Gutiziaz beteriko azoka izan da gaurkoa Ordizian
Perretxikoen eskaintza ugaritzen ari da astetik astera, eta atzotik ziza horiak eta gibelurdinak ere erosi daitezke Ordiziako azokan. Krispetak gogoko dituztenek, berriz, Zeraingo jatorrikoak dituzte aukeran orain.
Udaberriko asteazkenetan ia astero izaten da berritasunik Ordiziako ferian, eta gaurkoa ez da salbuespena izan. Oraingoan, geroz eta aberatsagoa den perretxikoan atalak eskaini ditu produktu berriak, eta azken egunetan egindako euriak bultzatuta edo, ziza kontuetan kopuru handia jarri dute salgai Lasak, Barcinak eta Barandiaranek: 330 kilo, kiloa 15 eta 45 euro artean. Onddo dezente ere eskaini dituzte, 48 kilo (15-32 euro), horietatik zortzi kilo Arantza Lopetegik, inguruko mendietan bildutakoak. Lasak bost kilo karraspina ere jarri ditu salgai, 40 euroan kiloa. Baina berritasunak ziza horia eta gibelurdina izan dira. Lasak eta Barcinak 17 kilo ziza hori zituzten, 25 eta 30 euro artean, eta Lopetetegik Goierrikoak ere bai, kilo erdi inguru. Gibelurdinak ere Goierrikoak ziren, eta Lopetegik berak eta Axun Etxeberriak izan dituzte salgai, kilo pare bat guztira, 30 euroan kiloa.
Ikusten denez, gutiziarako baino gehiago izan da gaur goizeko perretxiko eskaintza, eta gutizia baterako produktu aproposagoa ere jarri dute salgai: krispetak egiteko artoa. Zeraingo Iñaki Intxaustik zuen, etxean jasotakoa, kiloa 10 euroan. Egun hauek omen dira baserrietan artoa eta babarruna ereiteko, eta arto mota horrekin probatu nahi duenak, hortxe du aukera, hazitarako ere erosi daitekeelako.
Gutiziekin jarraituz, zainzurien garaia den honetan, sasiko zainzuriak izan ditu salgai Barcinak, kiloa 18 euroan.
Azenarioa eta baratxuria
Bestela, Plaza Nagusiko postuetan ez da garaiko produkturik falta, eta babekin (kiloa 4-5 euroan) eta ilarrekin (12-14 euro) batera, baratxuri freskoa eta dagoeneko burua duena (sorta 0,75- 1 euro) eta azenarioa aipatu behar dira (sorta euro 1ean). Edurne Jauregik zituen azenario berriak, eta zenbat eta txikiagoak sukaldarien aldetik estimu gehiago izaten dutela aipatu du.
Zuhaiztiko postuetara ere iritsi da produktu berri bat gehiago, melokotoia, Aragoitik. Kiloa 4,95 eta 6,9 euro artean jarri dute salgai.