«Hainbeste zakarkeria erabiltzen den politikan, gozotasun ufada bat ari da izaten EH Bildu»
Zer ekarpen egingo dio EH Bilduren hautagaitzak Lazkaoko herriari?
Koherentzia, gaitasuna, irudimena eta berritasuna ekarriko dizkio. Koherentzia, guk esaten duguna egiten dugulako. Guri ez diguzu entzungo egun batean “herritarren parte hartze zabalarekin, nolako Lazkao nahi dugun datozen hamarkadetarako definituko dugu plan estrategiko batean”, eta, biharamunean, milioika euro eskatzen dituzten eraikuntza-proiektu engainagarriak zerrendatzen. Badirudi batzuek ez dutela ikasi planetak zer eskatzen digun: ez eraiki eraikitzeagatik, gero zerbaiterako balioko dutelakoan, baizik eta beharrak eta helburuak ondo definitutakoan neurrira eta neurriz eraiki. Herritarrekin lan egin behar duzula gutxiagotan esan, eta gehiagotan egin.
Gaitasuna dugu, Euskal Herri osoan lanean ari den talde bikain bateko kide garelako eta eten gabe ari garelako geure burua janzten; harrokeriarik eta prepotentziarik gabe egunero eta edonorengandik ikasten dugulako. Gaitasuna dugu, ezerk eta inork kikiltzen ez gaituelako, edozein herritar xumeri parez pare begira diezaiokegulako beretakoak izaki, eta eliteari ezer zor ez diogulako. Gaitasuna dugu, goizero lazkaotarrei zerbitzatzea dugulako iratzargailu. Gaitasuna dugu, adimena badugulako, bereziki emozionala…
Irudimena ere gaitasunetan sar genezakeen. Irudimenari ezinbestekoa deritzogu arazo eta kezka berriak eten gabe sortzen direlako, eta haiei nola erantzun ohiko errezetategian aurkitu ezin delako.
Eta irudimena dugulako ekarriko dugu berritasuna Lazkaoko politikara. Une kritikoan bizi gara planeta osoan, eta betiko errezetekin, proiektu handinahiak eraikiz-eta erantzun nahi dietenen aurrean, guk berritasun hau ekarriko dugu: arrakala betetzen aberatsen aldetik hasi ordez, pobreen aldetik hasiko gara. Esate baterako, etxebizitzen alorrean, alokairuen merkatuan eragingo dugu: udalak alokairu parke misto bat osatzea bultzatuko dugu, prezioen neurri gabeko igoera mugatuko duena, jabeei segurtasuna emango diena, eta, batez ere, maizterrei baldintzak hobetuko dizkiena.
Horren guztiaren erakusgarri da taldea osatzeko izan dugun erraztasuna. Udal- gobernua osatzeko nolako profilak genituen aztertu eta hutsuneak zein ikusirik, nolako pertsonak behar genituen erabaki genuen. Herrian bertan, auzoan aztarrika ibili beharrik gabe, aurkitu genituen gure proiektuarekin bat egiten zuten adiskideak.
Gure proiektua lazkaotarrek oso ondo ulertzen dutela eta gogoko dutela adierazten digu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Eredu nagusi bat aurkeztu dugu, gure politika egiteko eraren erakusgarri: Gurutze- Hirigoien-Katilusoro deitu diogu. Horren bidez, adierazi nahi dugu non eta zertan eragin nahi dugun badakigula, baina nola eragingo dugun lazkaotarrekin batera erabakiko dugula. Non, aipatutako eremuan; zertan, han bizi diren lazkaotarrei kalitate hobeko bizi-maila eskaintzen. Badakigu horretarako osagaiak zein diren ere: zoru naturalak babestu eta berriak sortzea, azpiegitura txukunak eraikitzea ondo definitu eta gero, inbertsio-gaitasunak aztertu eta denboran planifikatzea… Nola egin ere badakigu: lazkaotarrekin. Hasita gaude EH Bilduren izenean parte hartzeko bilerak egiten, eta gure komunitatean oso ondo hartuak izaten ari dira aukera horiek. Zer esanik ez horietan sortzen diren ekarpenak: sagar bat baduzu eta besteari ematen badiozu, sagarrik gabe geratzen zara; baina ideia bat baduzu eta besteari ematen badiozu, biok duzue ideia. Beraz, ideiak elkarrekin partekatu eta kontrastatzea oso da aberasgarria, besteak beste, duen eragin biderkatzaileagatik. Gainera, eredutarako aurkeztu dugun egitasmo horrekin, irudikatu nahi izan dugu gure programa beti irekia egongo dela: eten gabe egin ahalko zaizkiola ekarpenak, zuzenketak, hobekuntzak…
Eredu hutsean ez geratzeagatik, sei proiektu jakin ere aurkeztu ditugu: auzo-etxeak, berdeguneak, helduak, etxebizitza, kultura eta kirola gaietarako bana.
Auzo-etxeak proposatzen ditugu udaletxearen auzoetako osagarri gisa. Udalak ematen dituen zerbitzuak herritarrei gerturatu nahi dizkiegu horien bidez: aisiakoak, kulturakoak, taldeentzat lokal beharra, komunitateen bilera-lekuak… Hasteko, Hirigoien kaleko 26 zenbakian dagoen eraikina birmoldatzea proposatzen dugu eta zinepeko gelen erabilera berregokitzea… Gero etorriko dira beste auzoetarako horien baliokideak.
Berdeguneak galtzen joan gara hiritartu ahala. Plazak beharrezkoak dira, baina plaza bakoitzak ondoan lorategi bikain bat behar luke, itzala eta babesa izateko, gero eta itogarriagoak den udako bero galdatan.
Helduenak. Ezagutzen ditugu han-hemen hainbat egitasmo horien bizi-baldintzak hobetzeko pentsatu eta garatzen ari direnak: Usurbilen, Hernanin, Errenterian, Legorretan, Zestoan… Egitasmo horiek herriko helduenei erakutsi eta gogokoena zein duten berek erabakiko dute.
Etxebizitza. Bi lan-ildo ditugu buruan: informazio eta aholkularitza bulegoa eta alokairuko parke misto baten sorrera. Parke horretan etxebizitza alogeran eman nahi duten jabeek nahiz udalak berak eskuratutako edo eraikitako etxebizitzek izango lukete lekua, eta herritarrei alokairuan eskainiko zaizkie. Gazteen emantzipazioak eta haur txikiak dituzten familiek lehentasuna izango dute etxebizitza horietan.
Kultur alorrean lokal falta da arazo nagusia, eta horri irtenbidea bilatzea da gure lehentasuna. Auzo-etxeak izan daitezke konponbidearen zati, baina ez dugu bestelako egitasmorik baztertzen. Oraingo dinamikari eutsi eta, ahal dela, zabaldu egin nahi dugu.
Kirolean, berriz, unibertsalizazioa dugu helburu: kirola ez dadila izan trebe direnentzat bakarrik; herritar orok egin dezatela kirola, osasun-iturri den heinean, eta horretarako baliabideak eta programak bultzatzea da gure taldearen helburua. Ikusten duzuenez, badira gure proiektuetan eraikuntza-egitasmoak, baina herrigintza zimentu sakonagoetan oinarritu nahi dugu: komunitatea osatu eta trinkotzean. Herri bat ez baita hura osatzen duen eraikin-sorta bakarrik, bertan bizi diren pertsonek egiten baitute etxe-sorta bat herri, haien pentsamenduek, haien egitasmoek, haien borondateak, eskuzabaltasunak, miseriek eta bertuteek… Ildo horretatik, udal- kudeaketa ezin da mugatu eraikuntza-proiektuak eskaini eta garatzera. Eraikin
Horiek guztiak bizigarri egingo dituzten zerbitzuak, baliabideak eta jarrerak eskaini behar dizkie.
Bigarren aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Neure burua onenean ikusten dut. Eta harrokeriatzat har ez dadin, azalduko dut zergatik. Kirolean ere geure adin inguruko jendearen artean oso ohikoa da esatea eta entzutea garai bateko sasoia joana dugula, orain ez dugula gerria lehen bezain erraz makurtzen eta horrelakoak. Egia da Txindokira edo Aizkorrira igotzeko 20 urte genituenean baino ordu-laurden bat gehiago behar dugula, edo Lizarrustira bizikletan igotzeko. Baina hori bezain egia da gaur egun bide luzeagoa egin dezakegula lehertu gabe. Politikan eta bizitzaren aurrean, beste horrenbeste. Eragozpen bat sortutakoan, beharbada, ez dugu lehengo azkartasunaz ebatziko, baina, horrekin batera, ez dugu bat konpondu orduko pot egingo; hamarnaka bata bestearen atzetik konpontzen jarraitzeko iraunkortasuna dugu.
Hanka askotan sartu izandako abantaila daukagu. Izan ere, hanka sartze bakoitza berriro ez sartzeko ikasgaia da, eta zenbat eta gehiagotan sartu izan, are arrisku gutxiago berriro sartzeko.
Lau urte hauetako esperientzia, bizitzako arorik trinkoenetakoa izan da ikasteari dagokionez: beti izan ditugu begiak erne eta belarriak garbi ingurua barneratzeko; halaber, badakigu inguruak guri zerbait eman diezagun, guk ere eman egin behar diogula berari, eta saiatu gara eskuzabal jarduten.
Bestalde, hainbeste zakarkeria erabiltzen den politikaren eremuan gozotasun ufada bat ari da izaten EH Bildu: zakar erasoa izan arren, neurritasunik galtzen ez duena eta gozo erantzuten dakiena. Besoak zabaldurik hartu nauen talde politikoan oso eroso sentitzen naiz.
Lazkaoko EH Bilduren hautagaitza:
-
Joxemai Ormazabal Sukia.
-
Aitziber Azurmendi Imaz.
-
Egoitz Bergara Azpirotz.
-
Maialen Amundarain Irizar.
-
Haritz Antoñanzas Urdangarin.
-
Maria Carolina Agirre Mastrangelo.
-
Josu Sarriegi Zumarraga.
-
Idoia Azpirotz Peña.
-
Garikoitz Bravo Oiarbide.
-
Ane Arizkorreta Aldasoro.
-
Jose Ignacio Intsausti Jauregi.
-
Georgeta Saru.
-
Jose Ignacio Caballero Auzmendi.
Ordezkoak:
-
Maria Jesus Intsausti Onda.
-
Noemi Rodriguez Fernandez.
-
Ibon Zabala Arrillaga.