«PSEk herria jarri nahi du berriz udal politikaren erdigunean»
Zer dakarkio PSE-EEren hautagaitzak Lazkao herriari udal hauteskundeetan?
Batik bat, elkartasuna eta bizikidetza. Azken urteotan, udal politika erradikalizatu egin da. Bilduk eta EAJk eratutako bi blokeek muturreraino egin dute eta, hala, haien jarrerak erradikalizatu dituzte eta, ondorioz, edonolako akordio-motak oztopatzen dituzte. PSEk herria jarri nahi du berriro udal politikaren erdigunean. Hura izan dadila gure erabakien erdigunea eta helburua, eta ez gaur egun jarduteko dagoen bidea: nirekin edo nire kontra. Gure ekarpenik handiena da Lazkao helburua dela gogoraraztea eta adieraztea, gure lana lazkaotarren bizitza hobetzea dela eta, horretarako, batzen gaituena bilatu behar dugula.
Zein dira datozen urteotarako proiektu nabarmenenak?
Nire ustez, proiekturik garrantzitsuenek funtsezko hiru ardatz izan beharko lituzkete oinarri.
Ekonomia eta Ingurumena. Kanpandegiko industrialdea urbanizatu ondoren, hura sustatu eta enpresak bertan finkatzeagatiko hobariak eman behar ditugu. Lazkaon erkidego energetikoak sortzea abiapuntu ona izan daiteke; izan ere, ingurumenari dagokionez, jasangarriagoak eta ekonomikoki erakargarriagoak diren aukerak ekarriko ditu. Bestalde, turismoak apustu argia izan behar du. Gure inguruneak aukera ematen digu negozio-turismoa eta ingurumen-turismoa sortzeko. Aprobetxa ditzagun ditugun tresnak eta bilaka ditzagun errealitate.
Etxebizitza: arazo handia izaten jarraitzen du Lazkaon. Etxebizitza ugari egin da, baina horrek ez du eraginik izan prezioan. Ondorioz, alokairuko etxebizitzarako premia larria dago. Sozialistok, udalean, eskumenak dituzten erakundeei alokairu publikoko eta prezio arautuko etxebizitza-parke bat sortzeko elkarlanean jarduteko exijituko diegu. Alokairu eskuragarriak sustatzen dituzten etxebizitzen jabeei pizgarriak emango dizkiegu, tasen bidez. Era berean, hobekuntza energetikoari eta irisgarritasunari dagokienez etxebizitzak birgaitzea sustatuko du Udalak.
Bizikidetza eta kultura. Nire ustez, gure udalerriak bizi duen banaketaren adibide nagusietako bat Astotxo egunaren antzezpena galdu izana da. Jakina, COVIDak eragindako eteteak eragina izan du, baina aurrez aurre dauden jarrerak eta lankidetzarik eza erabakigarriak izan dira gure herriko ekitaldirik garrantzitsuena, guztiok maparen erdigunean jartzen gintuena, bertan behera geratzeko. Udalak Lazkaoko herritarren elkarte- eta elkarlan-sustapena berreskuratu behar ditu. Argi geratu da historikoki herritarrek parte hartzeko eta elkarlanean jarduteko duten gogoa, bai eta gure herria sustatzeko, bultzatzeko eta hobetzeko lan egiteko gogoa ere. Udalean dinamika horiei heldu behar diegu berriro, eta orain dagoen konfrontazio-politika uzteko lan egin.
Zerrendaburu aurkeztu zara berriro. Nola sentitzen zara, pertsonalki, deialdi honetan?
Egia esan, ilusioz eta gogotsu. Berriro ere hona ekarri nauten motibazioak eta ETA oraindik bazegoenean erronkari aurre egitera bultzatu nindutenak erabat desberdinak dira. Gaur egun, ETA ez dago eta, beraz, gaur beste sustagarri batzuk ditut, Lazkaoko Udaleko partaide izan nahi izateko. Azken urteetan, politikatik urrundu naiz eta beste mugimendu batzuetan parte hartzen jardun dut, eta horrek udalerriaren eta bertako herritarren, kaleko beharren eta bloke-politiken zurrunbilotik irteteak duten garrantziaren beste ikuspegi bat hartzeko aukera eman dit. Hori dela eta, Lazkaon hainbesteko eragina izan duen pandemiaren urteen ondoren, eta aurrez aurre ditugun erronka berriekin, Lazkaoko herritarra naizen ikuspegitik eta ezkerreko ikuspegi progresistatik, PSE-EEko militantziatik, alkategai aurkeztuko naiz, pertsona desberdina naizela. Lazkaoko herritarren arazoei erantzunak eta lehentasunak emateko motibatuta nago.
Lazkaoko PSE-EEren hautagaitza:
-
Juan Manuel Serna Portugal.
-
Maria Isabel Sanchez Martinez.
-
Felix Cantero Cubillo.
-
Marta Lakidain Zabaltza.
-
Felix Ayuso de la Fuente.
-
Maria Jesus Urrutia Petisco.
-
Mikel Bombin Gutierro.
-
Trinidad Martin Marin.
-
Roberto Marzana Gorostegi.
-
Avelina Garbayo Estanga.
-
Pablo Hernando Ruiz.
-
Celina Menaza Ezenarro.
-
Iñigo Cordoba Gasco.