«Etorkizuneko Lazkaon orain izan dadin ari da lanean EAJ»
Zer ekarpen egingo dio EAJren hautagaitzak Lazkaoko herriari?
Orain arte egindako bideari jarraipena eman nahi diogu, lazkaotarren egungo beharrei erantzuna eman eta etorkizuneko Lazkaoren oinarriak finkatuz. Proiektu sendoa dugu esku artean, eta gure taldeak indarra eta konpromisoa erakutsi du gure herriarekin. EAJk herriari emandako hitza beteko du, beste behin, legealdi honetan. Gure proposamenenak herri bat arduraz eraikitzeak eskatzen duen luzerako begirada du. Guk ez dugu orri zurietan sinesten, horregatik, lazkaotarrengandik jaso eta iritsi zaizkigun behar eta ideiei, izen-abizenak jartzera ausartu gara. Lazkaok proiektu bat edo bestea aukeratu behar du datozen hauteskundeetan, eta argi dakite lazkaotarrek gure proiektua aurrerakoia, jasangarria eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko tresna dela. Gure proiektuarekin aipatutako ekimen guztiei emango diegu bide, orain arteko moduan; ahaleginduko gara lazkaotarren ongizatean are gehiago sakontzen. Hitza, konfiantza eta aurrerabidea.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Programa zabala ondu dugu, baina laburpen bat egite aldera, zenbait proiektu aipatuko ditut.
-
Anbulatorioaren handitzea. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dugu, Lazkaoko beharrei erantzungo dien errealitatea izan dadin.
-
Jolas parkeak. Iturgaitzaga-Iturrialdean parke berri bat eraiki, eta egungoak berritu.
-
Lazkaomendira oinezko bidea, begiratoki eta panel panoramikoekin eta Erdigunetik Hiribarren aldera Agauntza ibaiaren ertza berreskuratu. Adin eta baldintza fisiko guztietako pertsonentzat egokitutako oinezko ibilbidea.
-
Adinekoentzat apartamentuak egitea proposatzen dugu Iturrialdeko eremuan, non pertsonari egunerokoa errazteko zaintza, garbiketa, otordu eta antzeko zerbitzuak eskainiko zaizkion.
-
Kultura, hezkuntza, kirol edo aisialdi arloan herriak dituen beharrei erantzuteko egungo ekipamenduak hobetu eta berriak egokitzeko bidea egingo dugu. Hirigoien kaleko “txanpinoi” eraikina ordezkatu, musika eskola, padel eta boulder pistak eta Meandroan, aisia eta bizikletaz ibiltzeko zirkuituak.
-
Lazkaok enplegua sortzen duten industria, komertzio, zerbitzu edo lehen sektoreko jarduerentzat eskaintza erakargarria izan dezan lan egin, eta, nola ez, tokiko merkataritzari babes osoa eskainiko diogu: Hiribarren-Ibabe gunearen eraberritzearekin aurrera egin eta ekintzaile, autonomo edo telelaneko langileek beren jarduera garatu ahal izateko, co-working elkarlan espazio partekatu bat egokitu.
-
Aurrezpen energetikoko neurriekin jarraitu. Komunitate energetikoak bultzatuz eta pobrezia energetikoa murrizteko neurri sozialak sustatuz. Bestalde, Sustraitz errekaren zatiak azaleratzeko proiektua lantzea proposatzen dugu.
-
Etxebizitza eskaintza izateko bideak landuko ditugu edozein pertsonak bere bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko.
-
Gune Historikoa biziberritzeko, Jauregiak ostalaritza, kultura, ostatu edo antzeko jarduera ekonomikoak izateko aukeraren aldeko apustua egingo dugu, monumentu multzoa eta eraikin esanguratsuenak balioan jarri eta tokiko ondarea ezagutzeko ekimenak sustatu.
-
San Benito Ikastolako estali gabeko kantxa, haur eta herritarren aisialdi, jolas eta atsedenerako eremu erakargarri bihurtu.
-
Gizarte modura planteatzen zaizkigun erronkei aurre egiteko erantzun kohesionatu eta babes sozial zabalak eratzeko bideak landuko ditugu.
-
Hiribarren, Harizti eta plaza lotuko dituen bide berri bat. Herrirako sarrera-irteerak erraztu eta erdiguneko kaleetako trafikoa murriztuko duena.
-
HAPO edo Hirigintza Plan Orokor berria idatzi eta etorkizuneko Lazkaon, plazako aparkalekuan, Fundiciones Hiribarreneko sailetan sortzen diren aukerak irudikatu.
Bigarren aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Ardura handiarekin hartzen dut bigarren aldiz nire herriko alkatetzarako hautagaitza. Alkate izateak badu ardura berezia, eta eguneko ordu asko eta asko hartzen ditu. Baina ilusio handia dut, eta Lazkao hobetzen jarraitu nahi dut herritarrekin batera. Lau urtean lan asko egin dugu, eta umiltasunez esan dezaket Lazkao hobe bati bidea eman diogula: jasangarritasun energetikoan pauso handiak eman ditugu, irisgarritasunean, auzoen berroneratzean, kultur eskaintzaren zabalpenean… Baina asko geratzen zait egiteke. Proiektu asko eta asko ditugu mahai gainean eta lau urte baino gehiago behar dute egikaritzeko: kiroldegiaren eraberritzea, osasun zentroaren eguneratzea, landa-bideak bultzatzea, komunitate energetikoa sortzea… Ilusioa dut, baita nire taldeak ere, prestatuta gaude eta lehen unetik gogor jarraituko dugu lanean aurrera egiteko, batera, etorkizuneko Lazkao orain izan dadin.
Lazkaoko EAJren hautagaitza:
-
Kepa Zubiarrain Erauskin.
-
Eneritz Miranda Muxika.
-
Aitor Altuna Oiarbide.
-
Amagoia Naldaiz Mingo.
-
Jose Manuel Sese Eztala.
-
Unbe Etxaniz Perez.
-
Aritz Goikoetxea Gonzalez de Audikana.
-
Benita Goñi Padura.
-
Xabier Garmendia Iberoaga.
-
Mariana Patrascu
-
Iñaki Estensoro Sarasola.
-
Ana Maria Irastortza Izagirre.
-
Antonio Costa Casco.
Ordezkoak:
-
Jaione Barandiaran Auzmendi.
-
Felix Maria Urkola Iriarte.
-
Inazio Estensoro Eskisabel.