Liburu txokoa jarri dute Bilordi parkean
Liburuak hartu daitezke bertatik irakurtzeko, eta etxean erabili gabeko liburuak ere utzi daitezke, beste batzuek irakur ditzaten.
Liburu txokoa jarri du udalak Bilordi parkean, komunen eraikinaren ondoan. Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz kokatu dute txokoa. Hainbat liburu jarri dituzte, jendeak hartu eta irakur ditzan, parkean bertan. Etxean irakurrita edo erabili gabe dauden liburuei bigarren bizitza emateko, bertan utzi ditzakete herritarrek, beste batzuek irakur ditzaten.
Adur Ezenarroren esanetan, irakurzaletasuna bultzatzeaz gain, “bigarren aukera bat ematen zaie modu horretan” etxean irakurrita edo bere horretan dauden liburuei. “Parkean norbaitek irakurtzeko gogoa balu, edo interesekoa den libururen bat hartu nahiko balu, horretarako da liburu txokoa. Irakurri ondoren, liburua bertan uztea eskatzen da, beste pertsonek ere irakurtzeko aukera izan dezaten”. Txokoaren erabilera egokia egiteko eskatu du udalak.