Mertxe Aizpurua EH Bilduren alkategaiekin elkartu da
EH Bilduk Gipuzkoa mailako ekitaldia egin zuen etzi iluntzean Beasainen. Hasier Agirre Beasaingo EH Bilduren alkategaiarekin batera, bere taldea, eskualdeko beste EH Bilduren hainbat alkategai, aldundirako beste zenbait hautagai eta Mertxe Aizpuru Espainiako Kongresuko bozeramailea izan ziren.
Ekitaldiaren lehen zatian, Maitane Legarretak eta Xabier Arakamak Beasain «herri bizia» dela irudikatzen duen bertso musikatua eskaini zieten bertan bildu zirenei.
Ondoren , parte hartzaileek hitza hartu zuten. Agirrek hitz egin zuen lehenik. Azkeneko lau urteetan EH Bilduk Beasaingo Udalean egindako lanaren errepasoa egin zuen. Lan taldeak egindako lana goraipatu zuen.
Jarraian, erronka berriaren aurrean nola sentitzen den azaldu zuen. Lan talde berritu honekin «ilusio handia» duela esan zuen. EAJk gehiengoa duen arren, aldaketan sinesten ez duten haiei zuzendu zitzaien. Aldaketa posible egiteko ilusioa eta programa dituztela aipatu zuen. Ondoren, programaren atal nagusiak zerrendatu zituen. Olaran faktoria proiektua, emakumeen etxea egiteko proiektua, gazteria saila sortzea… izan zituzten hizpide.
Azkenik, botoa ematera joateak daukan garrantzia goratu zuen. «Eskuinaren hegemonia apurtzeko modu bakarra, maiatzaren 28an botoa EH Bilduri ematea da».
Aizpuruak EH Bilduren ardatza pertsonak eta bizitzak direla nabarmendu zuen. Politika egiteko modu ezberdinak daudela, baina EH Bilduk kapitalaren aurretik, pertsonak eta haien ongizatea jartzen dituela. «Bai Madrilen, bai Gipuzkoan, bai herri desberdinetan, hori demostratu dugu azken urteotan».