Elkarrekin Podemosek mitina egin du Areizaga-Kalebarren plazan
Elkarrekin Podemos koalizioak mitina egin du gaur Areizaga-Kalebarren plazan. Ekitaldian, Ines Benitez Zumarragako alkategaiak, Miren Etxebeste ahaldungaiak, Sira Rego eurodiputatuak, Oroitz Agirre Zumarragako zerrendako bigarrenak eta Iñigo Martinez legebiltzarkideak hartu dute hitza.
Benitezek legealdi honetan zumarragarren bizitza hobetzeko egitasmo asko aurkeztu dituztela, baina PSE-EEk ez dituela aintzat hartu esan du. “Batzuetan bereak egin ditu, dagoeneko horretan lan egiten ari zirela esanez, baina ez da hala”.
Horretaz gain, zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena aldarrikatu du. “Uraren kudeaketa pribatua garestia da Zumarragarentzat. Enpresa berak, zerbitzu beragatik, %18 gutxiago kobratzen dio Urretxuri. Eta Legazpin, kudeaketa zuzenarekin, %33 gutxiago ordaintzen dute. Orain kudeaketa Global Omnium-i eman nahi zaio. Enpresa horretako lehendakaria epaitegietan dabil”.
Benitezek, pertsonak eta beraien beharrak erdigunean jarriko dituztela esan du. “Alokairuzko etxebizitza parke publikoa handituko dugu, auzo elkarteak eratzen lagunduko dugu parte hartzea sustatzeko, osasun zentro eta adinekoen egoitza publikoak defendatuko ditugu, aniztasuna aintzat hartuko dugu, etorkinen eskubideak defendatuko ditugu, klima aldaketaren aurka borrokatuko dugu espazio berdeak sortuz eta enpresa garbiak bultzatuko ditugu”.
Horrekin lotuta, Plastic Energy enpresak Zumarragan lantegia irekitzearen aurka azaldu da. “Aurkakoa saldu nahi digute, baina erraustegi bat da”.