Zegama-Aizkorri 2023, emanaldirik epikoena eta bistaratze gehien dituena
Mendi maratoiaren 22. edizioak bere profilik epikoena erakutsi ahal izan dio munduari, sei orduko emanaldi gogor eta zorrotzari esker. Audientzia errekorrak haustea lortu du, 762.447 bistaratzerekin.
Zegama Zegama da. Eta aurten trailaren hitzordu nagusia epika etiketarekin iragartzen zen, denetarik zioten baldintza meteorologikoen ondorioz: euri iraunkorra, txingorra, hotza, haizea eta lainoa. Hori zen atleten jokalekua eta baita probako streaminga egiten zuen taldearena ere.
Evasion TV/Artic Outdoor enpresako 24 profesionalek (eta beste 11k Bartzelonan) kimera bat zirudiena lortu zuten: lasterketa filmatzea, EITBk, Teledeportek, Esport3k, RTVEPlayk eta Zegama-Aizkorriko YouTube kanalak eta Golden Trail Seriesek ingelesez emititu zutena. Emankizun epiko eta aitzindaria da, trailaren munduan konplexutasun horrekin sei orduko streaming bat egiten den lehen aldia baita.
Talde teknikoa
Lasterketa 14 kamerak jarraitu zuten. Bi biker kamera eta hiru runner kamera, eta droneak, lehenengo sailkatuei jarraitzea lortu zutenak, mendiko bidezidorrak, zuhaitz-guneak eta harkaitz biziko eremu malkartsuak zeharkatuz, lur irristakorrekin. Era berean, ibilbideko hainbat puntutan eta helmugan instalatutako baliabide teknikoen hedapen batek emankizuna ahalbidetzea lortu zuen.
Telebistako ekoizpena bi jarraipen-estudioren bidez egin zen, bata Zegaman, 10 pertsonako lantalde tekniko batekin, eta bestea Bartzelonan, 11rekin. Irudiak denbora errealean iristen ziren Bartzelonara, eta handik aginduak ematen zitzaizkien kamera guztiei. Irrati-frekuentzia sistema konplexu bati esker, trail runningaren zaleek lasterketa ikusgarria zuzenean bizi ahal izan zuten munduko edozein tokitatik.
Datuak hedabideka
“Lokatzezko 42 kilometro izango dira”, ohartarazi zuen Manuel Merillas txapeldunak lasterketaren bezperan. Bere balentriak 19.500 pertsonaraino (ikusleen tontorra) jarraitu zuen zuzenean, eta Zegama-Aizkorriko Youtubeko kanalera konektatu ziren. Zifra errekor horrek 10.000tan gainditu zuen 2022an Kilian Jorneten eta Nieke Brinkmanen garaipenak jarraitzeko konektatu ziren ikusleen gailurra.
Gaur egun, guztira, 119.000 bistaratze daude kanalean (kontuan hartuta hazten jarraituko duela), eta horiei gehitu behar zaizkie gaur egun Golden Trail World Series-en Youtubeko kanalak, ingelesezko emankizuna eskaini zuenak, erregistratzen dituen 75.000 bistaratzeak. Halaber, Teledeporteko emanaldiak 437.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen, 0.7ko audientzia kuotarekin, kanalaren batez bestekoa halako bi baino gehiago gaindituz, RTVPlay-k, berriz, 14.372 bisitari bakar eta 24.047 ikustaldi izan zituen.
Bestalde, EITBk 101.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bildu zuen pantailaren aurrean, eta horiei bere web orriaren eta kanaleko app-en bidez konektatu ziren 3.800 erabiltzaile bakarrak gehitu behar zaizkie. Datu batzuen faltan, 1.000 ikuslek Televisio de Catalunya aukeratu zuten ( % 0,2ko audientzia zatia), 1.600 bertsio digitalean.