Aralar "erabiltzaile guztien arteko orekan kudeatzea" eskatu die Landarlanek mankomunitateko gidaritza hartuko duten hautetsiei
Landarlan Ingurumen Elkarteak adierazi du ez duela inongo alderdiren aldeko bozkarik eskatuko, eta Aralarren kontserbazioaren aldeko jarrera eskatu die agintariei.
Goierriko Landarlan Ingurumen Elkarteak ohar bidez adierazi du “deigarria” iruditu zaiola Enba nekazal sindikatuak atzo kaleratu zuen oharra bozka eskaera zehatz bat eginez. “Enirio-Aralarko abeltzainen aldeko apustua egiten omen duten alderdi politikoak babesteko eskatu du. Garbi dago eskuineko zein alderdiren aldeko bozka eskatzen duen sindikatu honek, beste hainbatetan bezala”.
Landarlanek dio ez duela inongo alderdiren aldeko bozkarik eskatuko, baina “eskaera bakarra” egin nahi diete Enirio-Aralar Mankomunitateko gidaritza hartzen duten ordezkariei: “Aralar erabiltzaile guztien arteko orekan kudeatzea eskatzen dugu, ingurumena babestuz. Oso garrantzitsua da Aralarko larre, baso, sastrakadi eta erreken kontserbazioa bermatzea natura indartzeko eta abeltzainentzako hain garrantzitsua den lurzorurik eta bazkarik gabe ez geratzeko”.
Ingurumen elkartearen arabera, Agauntza errekaren ekialdean alderdi zehatz batentzako bozka eskatzen ari diren bitartean, “alderdi hori bera da Agauntzaren mendebaldean AHTa egiteko landa eremua suntsitu behar duena. Enbak dioen bezala, zentzuz jokatu igandean”.