ZERAIN. Bizikidetza izango da erronka
EH Bildu azken zortzi urteetako lanari «jarraipena» emateko asmoz aurkeztuko da. Zerain Burujabek aldaketa eragin nahi du herrigintza egiteko moduan.
Zeraindarrek bi hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan: EH Bildu eta Zerain Burujabe herri kandidatura. Azken zortzi urteetan EH Bilduk izan du Zeraingo udaletxearen gidaritza, eta «urte hauetan egindako lanari jarraipena» emateko helburuarekin aurkezten da berriz alderdia, Gorka Urteaga zerrendaburu duela. Zeraingo Herri Kandidaturak hauteskundeetara ez zela aurkeztuko iragarri zuen otsailean. Demokrazia zuzeneko gobernantza ereduari segida emango dion Zerain Burujabek beteko du haren tokia, Jon Harreguy buru duela.
Orain arteko ereduari segida ematea edo demokrazia zuzenean oinarritutako politika egitea izango da jokoan, Zerainen, datorren igandeko bozetan. Hori baino gehiago, herriko bizikidetza arazoak konpontzea eta bideratzea izango dute erronka nagusiena bi alderdik, biek ala biek, lehentasuna eman diote gaiari, hurrengo legegintzaldirako helburuak zehazterako orduan.
EH Bilduren zerrendaburu Gorka Urteagak, bizikidetza «suspertu» nahi dutela adierazi du, eta horretarako «eragile ezberdinekin hitz egin eta parte hartzea sustatuko» dutela agindu du. «Genero, adin eta auzo ezberdinetako» herritarrez osatutako taldea aurkeztu du EH Bilduk. Zeraingo EH Bilduk azken bi legealditan egindako lanari «ilusio handiz» lekukoa hartuko diona. EH Bilduk azken urteetan Zeraini egin dion ekarpen nagusiena «udal gobernua sistematikoki berritzea» izan dela azpimarratu dute.
Hauteskundeetara aurkeztu duten herri programaren baitan, bi proiektu nagusi azpimarratu ditu Urteagak: «Errementari azpiegitura komunitarioa eta Xotegi eskola eta haur eskola berreraikitzea». Aurreko legegintzaldian hasitako lanei segida emango diote Errementerin, «datozen urteetan bertan udaletxea, mediku etxea eta erizain kontsulta, erabilera anitzeko kultur aretoa, etab. kokatuko» dituzte. Xotegiri dagokionez, Hezkuntza sailarekin «hitzarmena sinatuta» dutela aurreratu du.
Egiteko moduak aldatzera
Arlo ekonomikoari begira, «proiektu garrantzitsuak» egiten jarraituko dute, «udalaren zorpetze maila egokiarekin». Herri bizitzan, euskaran, hezkuntzan eta berdintasunean lan egingo dute, «gardentasuna eta parte hartzea» sustatuko dituzte, herriko azpiegitura zaindu eta bide publikoak konponduko dituzte, ahalik eta zerbitzu publiko gehien eskainiko dituzte eta ingurumena zainduko dute.
Zerain Burujabe orain arteko politika egiteko moduak aldatzeko helburuz aurkeztuko da udal hauteskundeetara, «erakunde publikoak alderdi politikorik gabe eta demokrazia zuzen bidez kudeatzeko proposamena lau haizeetara zabaldu nahi duen ekimen soziopolitiko bat» bezala aurkeztu dute kandidatura. «Ez gara politikariak, herrian bizi dugun gatazkak kezkatzen gaitu eta hori gainditzeko erreminta izatea da gure asmo bakarra», gehitu dute.
Herritarren ordezkari
Apirilaren 20an, Euskal Herri mailako Burujabetza mugimenduak Zerainen egin zuen aurkezpenaren ondotik hartu zuten zerrenda osatzeko erabakia. Zerain Burujabe ez dela inoren aurka joateko jaio azpimarratu dute, «herritar guztiei aukera eta eskubide berdinak emateko» asmoz baizik. Horregatik, herritar bakoitzak udaletxean hartuko diren erabakietan «hautetsien parte eta pisu bera izatea» bermatuko dutela adierazi dute. Herri bilerak «erabakiorrak eta herritar guztientzat irekiak» izango dira, eta bertan hartutako erabakiak udalbatzarretan «babestuko» dituztela «hitz eman» dute Zerain Burujabeko hautetsiek. Herri bideak, eskola txikia, mediku kontsulta, jubilatuak, irisgarritasuna, etxebizitzak… bezalako gaiak jorratuko dituzte.
Zeraingo 221 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Zeraingo udalbatzari 7 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Botoak | Zinegotziak | |
EH Bildu | 105 | 4 |
Zeraingo Herri Kandidatura | 89 | 3 |