«Herri bizikidetza suspertu nahi dugu eragile ezberdinekin hitz eginez»
Gorka Urteaga lehenengoz aurkeztuko da alkategai Zerainen, EH Bilduren izenean. Erronka berriei heltzeko «gogotsu» dago, erronka pertsonala bainoago «herri proiektu bat» du helburu.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Lan handia egin da azken urte hauetan eta horri jarraipena ematea gustatuko litzaiguke. Horretarako, talde bikaina batzea lortu dugu, hau da, oso talde anitza eta arlo ezberdinetan ezagutza duena, herriari haize berri bat emango diona. Herri bizikidetza suspertu nahi dugu eragile ezberdinekin hitz eginez eta parte hartzea sustatuz.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Datozen urteetarako bi proiektu izar ditugu fisikoki ikusi ahal izango ditugunak. Batetik, Errementari azpiegitura komunitarioa. Teilatua egin berri diogu eta datozen urteetan, bertan, udala, mediku eta erizain kontsulta, erabilera anitzeko kultur aretoa, etab. kokatzea dugu helburu.
Bestetik, Xotegi eskola eta haur eskola berreraikitzea. Jada sinatua dugu hitzarmena hezkuntza sailarekin. Bi proiektuak herriko plazan kokaturik daude, honela, herritarrei zerbitzuak egoki emateaz gain, herriko plazari bizia ematea lortuko dugu, beharra baitu.
Aurrenekoz aurkezten al zara alkatetzarako? Nola ikusten duzu zure burua?
Aurrenekoz aurkezten naiz zerrenda batean eta buru joatea egokitu zait. Erronka berriei aurre egiteko gogotsu ikusten dut nire burua. Kontziente naiz asko dudala ikasteko, aitzitik, herrigintza talde ederra dago atzetik. Hau ez da erronka pertsonal bat, herri proiektu bat baizik.
EUSKAL HERRIA BILDU (EH BILDU)
Titularrak
1. Gorka Urteaga Zapiain
2. Arantzazu Gereñu Barriola
3. Aroa Saez De Egilaz Junquera
4. Haitz Balerdi Aierbe
5. Andoitz Apaolaza Saizar
6. Olatz Aranburu Iñurritegi
7. Fermin Mendia Zuntzunegi
Ordezkoak
1. Iosu Etxeberria Garcia
2. Oroitz Altuna Zubeldia