«Herrian arazo nagusiena bizikidetzan daukagu eta hori konpontzea izango da lehentasuna»
Jon Harregi izango da Zerain Burujabe herri kandidatura sortu berriaren aurpegia hauteskunde hauetan. Alderdi politikorik gabe, «demokrazia zuzenaren bidezko herri antolaketa» posible dela uste du.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Alderdi politikorik gabe herri bat antola daitekeela pentsatzen dugun herritar arruntak gara. Norbera herritar bezala aurkeztuz, alegia. Demokrazia zuzenaren bidez herri bat antolatzea posible dela uste dugu. Hau da, batzordeak sortuko ditugu parte hartu nahi duten herritar guztientzako. Bertan, herriko gaiak landu eta erabakiak herritar guztiak kontuan hartuta hartuko ditugu. Herria antolatzeko modu parte hartzaile batean sinisten dugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Herrian arazo nagusiena elkarbizitzan daukagu eta hori konpontzea izango da lehentasuna. Ikusirik herriko gazteak dagoen egoeraz kezkaturik eta minduta daudela, etorkizuneko biztanleak ere badira eta ardura handia daukagu horretan. Hala eta guztiz ere, gai guztiak dira garrantzitsuak eta erabakitzeko garaian, bileren bitartez eta demokrazia zuzena erabiliz izan beharko lukete. Nahikoa helduak bagara herrian zer behar ditugun herritarrok erabakitzeko. Herri mailako barne-antolaketa berri bat beharrezkoa da, denentzat irekia noski, eta hortik irtengo litzateke benetako herri programa.
Aurrenekoz aurkezten al zara alkatetzarako? Nola ikusten duzu zure burua?
Gauzak umiltasunez hartu behar dira eta alkate izateak ez du zertan agintea izatea suposatu beharrik. Agintzea ez zait pertsonalki gustatzen. Herriko gaiak normaltasunez, datozen bezala, herriarekin hitz egitea eta eztabaidatzea litzateke zuzenena. Eta hori aplikatzeko herri txikiek abantaila bat badutela iruditzen zait.
ZERAIN BURUJABE (ZB)
Titularrak
1. Jon Harreguy Arze
2. Ane Miren Otermin Maia
3. Joakin Intxausti Apaolaza
4. Andoitz Iztueta Arakama
5. Amaia Aldasoro Larrea
6. Iñaki Intxausti Iturzaeta
7. Miren Elixabete Garmendia Lasa
Ordezkoak
1. Maria Dolores Gonzalez Garate
2. Kontxi Gabiria Iztueta