Industriaren geroaz
EAJren Goierriko alkategaiak Eider Mendoza ahaldun nagusigaiarekin eta Arantxa Tapia Industria Sailburuarekin elkartu dira Beasainen. Industria «lehentasuna» dela ebatzi dute.
Eusko Alderdi Jeltzalearentzat, industria gaiei heltzea «ezinbestekoa» izan da beti eta aurrerantzean ere «lehentasunezko» gaia izango dela nabarmendu dute hiru maila instituzionaletako ordezkariek Beasainen. Industria gaien inguruan solasaldia egiteko elkartu ziren EAJren Goierriko alkategaiak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako hautagaia eta Arantxa Tapia Industria Sailburua.
«Guretzako, betidanik ekonomia sendo bat edukitzea eta horrekin industria eta zerbitzu aurreratu batzuk izatea ezinbestekoa izan da» , nabarmendu zuen Leire Artola Beasaingo EAJren alkategaiak. Enpresen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaz ere mintzatu zen; «elkarlanetik identifikatu ahal izan ditugu etorkizuneko erronkak eta horiei irtenbideak eman», gehitu zuen Artolak.
Elkarlanaren ondorioz, «azkeneko zortzi urteetan 10.000 lanpostu baino gehiago sortu dira industriaren arloan, eta lehenengo hiru hilekoan, gure enpresek beren salmentak %10,8 igo dituzte, beraz, egoera ekonomiko onean gaude, sektorea sendo dago» borobildu du Eider Mendozak. Baina, «erronka garrantzitsuak» eta «arazoak» badaude oraindik, eta horiei «aurre egin behar zaie».
Arantxa Tapiak, Goierri Valley goraipatu du, «non enpresa handiak eta txikiak dauden eta haien artean elkarlana ematen den». Segidan, «proiektuak erakartzeko, Goierrin, lur industrialak behar» direla nabarmendu sailburuak.