Lan ikuskaritzak LAB sindikatuari arrazoia eman eta behin-behineko 130 kontratu behin betiko bihurtzera behartu du CAF enpresa
Joan den apirilaren 25ean LABek lan ikuskaritzaren aurrean salatu zuen enpresa "iruzurrezko erabilera" egiten ari zela "ekoizpenaren baldintzapeko behin-behineko kontratuekin".
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, lan ikuskaritzak arrazoia eman, eta behin-behineko 130 kontratu behin betiko bihurtzera behartu du CAFeko zuzendaritza. Joan den apirilaren 25ean LABek lan ikuskaritzaren aurrean salatu zuen enpresa “iruzurrezko erabilera” egiten ari zela “ekoizpenaren baldintzapeko behin-behineko kontratuekin”.
Sindikatuaren ustez, gaur egun CAFen egiten diren behin-behineko kontratuak “guztiz aurreikus daitezkeen lanak” egiteko dira. Hala, LABek dioenez, behin-behineko kontratu horien iraupena hiru hilabetekoa izan beharko litzateke gehienez. “Bada, enpresak, modu arruntean, urtebeteko behin-behineko kontratuak aplikatzen ditu”.
LABen esanetan, hasiera batean Giza Baliabideetako arduradunekin landu zuten gaia zuzenean, “baina egoera konpontzera ukatu zirenez”, CAFeko LAB sail sindikalak lan ikuskaritzara jo eta salaketa jarri zuen. “Maiatzaren 23an jaso genuen arrazoia ematen zigun ebazpena. Azken egun hauetan, CAFek 130 langile finko egin behar izan ditu gutxienez. Horrez gain, datozen egunetan CAFek finko egin beharko ditu gainerako kontratu irregularrak dituzten lankideak. Une honetan finko bihurtu diren langileak Beasaingo eta Irungo lantegietako enplegatu eta tituludunen kolektibokoak dira”.
Ebazpenaren eragina
Tailerretan “orain” behin-behineko langilerik ez dagoela dio LABek (halakorik balego, ebazpen horrek ere eragingo lieke), irizpide horrek bideratuko du hurrengo hitzarmeneko enplegu politikaren negoziazioa. “Tailerretako errelebo-kontratua zuzenean egin behar da zuzeneko esku-laneko langileekin, zuzendaritzak ez baitu zeharkako langilerik izango horretarako. Tailerreko langileei egin beharreko kontratuen iraupena eta mota ere ebazpen horrek baldintzatuko du”.
Sindikatuaren arabera, hurrengo hitzarmenaren ardatza “tailerretako langileen errekuperazioa” izan beharko litzateke. “Horretarako, langile kontratazio zuzen eta mugagabekoa zifra handietan behar ditugu”. Beasaingo, Irungo eta Madrilgo enpresa batzordeek eta CAFeko zuzendaritzak gaur, maiatzak 25, egingo dute hitzarmen berria negoziatzeko lehen bilera. “Zalantzarik gabe, albiste honek markatuko du bilera hori”.