Lazkaoko San Benitok Ikastolaren Jaia ospatuko du ekainaren 2an
Eraikin berriak barrutik ikusteko aukera izango da, bai DBH batxilergoko eremu berritzailea, bai HH-LH eskolako gelategi zabalen eraldaketa. Ikastola barneratuta dagoen hezkuntza eraldatzailea azalduko diete guraso, herritar eta bisitari guztiei.
Lazkaoko San Benito ikastolak ekainaren 2rako Ikastolaren Jaia antolatu du. Ostiral arratsean, 18:00etatik 20:00ak aldera arte egingo dute lehenbiziko eguna. Eraikin berriak gurasoei eta herritarrei aurkeztu, eta ikastolako hezkuntza eraldatzaile proiektuaren harira egin dituzten azpiegitura-aldaketak erakutsiko dituzte. “Herritik sortu dena, berriro herriari zabaldu nahi diogu Ikastolaren Jaiarekin, azaldu dute Xabi Maiza zuzendariak eta Josune Etxeberria Batxilergoko koordinatzaileak.
Batetik, irailetik erabilgarri dagoen DBH-Batxilergoko eraikin berriaren jendaurreko aurkezpena egingo dute. Ikasleek ikasturte osoan gozatu dute instalazio berriekin, baina publikoki inauguraziorik edo aurkezpenik egin gabeak ziren. “Eraikin berriak jakin-mina sortu du, eta ikasle izandako asko etorri dira ikusteko gogoz, ate joka”. Hala, barrutik ikusi ahalko da.
Espazio zabalak dituzten eremuak prestatu dituzte eraikuntza berrian. Une berean, tokiaren baliabide, txoko eta altzari-mota desberdinak baliatuta, modu askotara eta talde batek baino gehiago gehiagok lan egin dezakete. Zurezko harmailadi bat, lan mahaiak, edo bileratxoak edo lanak egiteko mahai-konpartimenduak daude. Beirate handiek, argitasun naturalak eta hormarik ez edukitzeak handitzen dute espazioaren pertzepzioa.
HH-LH eraikinean, berriz, gelak birmoldatu dituzte. Espazio itxiak eta zurrunak izan beharrean, denen arteko mugimendua eta irekitasuna baliatzeko moduan aldatu dituzte. Ikasleek, mailakoen artean, denek denekin egoteko aukera dute.
Ikastolako partaide diren guraso eta familiek, irakasle erretiratuek, Lazkaoko herritar guztiek eta gonbidatutako erakunde, elkarte nahiz beste ikastola batzuetako ordezkariek izango dute bisitak egiteko aukera. Ikustaldiak bukatutakoan, 19:00ak aldera, ekitaldia izango da, estalitako jolastokian. Ikastolako arduradunen hitzartzeak, musika emanaldia eta San Benitorekin zerikusia duen “sorpresaren bat” egingo dituzte.
Azkenik, DBH4ko ikasleek pintxoak eta edariak salduko dituzte, ikas bidaiarako sos batzuk ateratzeko. 20:00ak aldera bukatuko da Ikastolaren Jaia.
argazkiak: Aimar Maiz