Olaberriko etxe eta baserrien historia bilduko dute Olargik eta Aranzadik
Baserrien eta herriko ondarearen historia jasoko duen liburu bat argitaratuko dute datorren urtean.
Olaberriko herriaren eta herritarren oroimen historikoa berreskuratzeko beste proiektu bati ekin dio Olargi taldeak. Baserrien historia eta berorietako ondarea bildu, aztertu eta argitaratuko dute.
Egitasmoak dagoeneko lehenbiziko urratsak eginak ditu. Olargik «azterlan sakon bat egiteko» proposamena egin dio Olaberriko Udalari, eta hark onartu ondoren, lankidetza hitzarmena sinatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Elkarte hori arduratuko da lana egiteaz. Ondoren, herritar guztien eskura jartzea da asmoa.
Olaberriko baserrien eta herriko ondarearen historia jasoko duen liburu bat argitaratuko da, 2024an.
Herritarrei eskaera
Azterketa hasteko zenbait baserri, elementu eta eraikin identifikatu ditu Olargik. 63 etxe edo osagaiko zerrenda osatu du; horietatik 50 baserriak dira, hiru ermita (Santa Lutzia, Santa Kruz eta San Gregorio), eliza bat (San Joan), herri eraikinak (udaletxea, Zezilionea), iturriak eta garbitokiak, zubiak; hilarriak; desagertutako bentak, oletxeak, eskolak, kaminero-etxeak; eta industri ondarea (Ihurreko gasolindegia, altzairutegi-fabrikak, Ihurreko etxe-multzoa).
Herritarrei eskatu diete zerrenda osatzeko besteren bat badakite, Olargirekin harremanetan jartzeko (648 05 56 88).