«Gazteei Zumarraga hobe bat utzi nahi diet»
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Zumarragak zaurgarritasun tasa handienetakoa du Gipuzkoan eta hori murriztea dugu helburu. Lau urte hauetan erakutsi dugu gertutasunez eta zorroztasunez lan egiten dugula. Entzuten, arazoei elkarrekin erantzunez, herriko dinamika komunitario aberatsa indartuz.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Arcelorren lursailen inguruko erabakiek gure etorkizuna baldintzatuko dute. Gipuzkoan industria lurzoru gutxi dago eta enpresen hazkunde beharrak handiak dira, talde kooperatibo batekin izan dugun hartu emanetan konfirmatu diguten moduan. Aukera errealak daude garbia, osasuntsua eta gizartearekin konprometitua den industria erakartzeko. Bestalde, udal zerbitzuak bonifikatuko ditugu eta uraren tasak murriztu.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Herritarrengandik babes handia jasotzen ari naiz eta hunkituta nago, oso pozik. Iruditzen zait aldaketarako gogo hori gorpuzten ari garela eta indartsu sentitzen naiz, gogotsu. Bizitza osoa daramat herrigintzatik herri hobe baten alde lan egiten eta hau beste urrats bat da niretzat. Gure seme-alaba eta gazteei Zumarraga hobe bat utzi nahi diet.