Zaldibia, mendian gora
Larunbatean jokatuko dira Zaldibiako IV. Mendi Lasterketako bi probak, 28 kilometroko luzea eta 15eko laburra. Izen-ematea, orain arteko jendetsuena: 308. Paella-jana egingo dute gero.
Zaldibiako IV. Mendi Lasterketa etzi jokatuko da, larunbatarekin. Goierriko Trail Kopako zazpigarren proba puntuagarria da, azken aurrekoa. Ohi bezala, bi ibilbide izango ditu: 28 kilometro luzeko eta 1.950 metro positibo desnibeldun trail luzea, eta 15 kilometroko eta 1.000 metroko maldadun esprint motza.
Zenbaki handien gogortasunari aurre egin beharko diete korrikalariek. Zaldibiako plazatik 09:00etan abiatu, eta Gaztelu tontorrera joan-etorria da motzekoen lana. Luzekoek, aldiz, Gaztelutik aurrera, Ganboraino jarraituko dute, Aralarko parke naturaleko gainetan ondo barneratuta, eta Malkorri aldetik itzuliko dira.
Izena eman duen korrikalari kopurua da albiste. «Sekulako partaidetza izango da, orain arteko edizio guztietako gehiena», aurreratu du antolakuntza taldeko Ibai Belokik. 308 lagunek eman dute izena bi probetan, laurehuneko mugatik hurbil. Iazko partaidetza, 200 pasa, aise gaindituko du etziko ekitaldiak.
Motzera gehiago jo du jendeak, eta ia 200 lagun irtengo dira. Luzean ere ehundik gora lehiatuko dira.
Korrika giroa ondoren ere
Goiz osoko iraupena izango du kirol probak. Ordubetetik gora beharko du ibilbide motzeko lehenak. Gizonetan, 2019ko lehen ekitaldian Gartzen Elejabarrieta abadiñarrak jarritako 1:11:56 orduko marka dago indareran (2021ean ez zen motzik jokatu). Nesketan, iaz Maialen Muñoz tolosarrak 1:27:18 egin zuen.
Luzeko aurrenekoak, berriz, bi ordu eta erdiren inguruan izango dira atzera Zaldibiako plazan. Iñaki Olano altzoarraren denbora (2019) dago indarrean mutiletan, 2:29:15. Nesketan, Ainhoa Sanz urretxuarrarena (2019), 2:46:07.
Lasterketak bukatu ondoren ere jarraituko du giroak Zaldibian. Antolakuntzak bazkaria antolatu du, paella jana. «Hor ere jende asko izango da», dio Belokik. Bestetik, boluntarioen borondatea nabarmendu du antolakuntzak «urteroko moduan bikain erantzun» dutelako.
Modalitate bakoitzean hiru lehengoek jasoko dituzte sariak. Luzeko emakume nahiz gizonezko irabazleek 300na euro, eta 150 eta 75 hurrengoek. Motzekoek, 200, 100 eta 50na euro.
Euskaber etxe babesleari esker, arrautzen erronka ere izango da. Aurten berritasun bat dakar, gainera: aukera bi lasterketetan parte hartzen duten korrikalari guztiei ematea erabaki dute. Hala, bai ibilbide luzean, bai motzean, Gaztelu tontorrera arrautza eskuan osorik eramaten dutenen artean ebatziko dute sariduna zein den.
Dortsal banaketa goizean
Partaideei dortsalak larunbatean 07:00etatik 08:30era bitartean banatuko dizkiete, Zaldibiako plazako frontoian. Ingurumen aldetik, eta parke naturala dela kontuagoan hartuta, kontrolguneen inguruan egongo diren zaborrontziak erabiltzeko eskatu diete korrikalariei.