Hamabost artisau garagardo dastatzeko aukera izango da Ordiziako plazan
Euskal Herriko VI. artisau garagardo azoka izango da larunbatean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 00:00etara. Revolutionary Brothers, Eira eta King Konsul zuzenean ariko dira
Euskal Herriko artisau garagardoen azoka izango da larunbatean Ordiziako Plaza Nagusian, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 00:00etara, Emaneurre taldeak antolatuta. Euskal Herriko artisau garagardo ekoizle ezberdinen produktuak dastatzeko hamabost postu jarriko dituzte eta garagardorik onena aukeratzeko txapelketa ere izango da.
2015ean antolatu zuen Emaneurrek lehendabiziko aldiz azoka, Euskal Herrian bertan ekoitzitako garagardoak eskaintzeko eta plazaratzeko asmoz. Aurtengoa 6. edizioa izango da. Antolatzaileek azaldu bezala, «Euskal Herriko garagardozaleen erreferente» bilakatu da dagoeneko. Azokaren helburua, garagardoak ezagutarazteaz eta bertako ekoizleen topaleku izateaz gain, «herri giroa bultzatu eta kultura egitarauari ekarpena egitea da».
Urtero bezala, salmenta zuzena izango da. Garagardoa iturritik (edalontziak eta kopak salduko dira) edo etxera eramateko botiletan eskuratu ahal izango dira. Berrikuntza modura, Azpeitian ekoitzitako lupulua erosteko aukera izango da, etxean garagardoa egin nahi dutenentzat. Jatekoa ere egongo da: txerria burduntzian, kroketak eta Lazkaoko taloak.
Baobeer (Elgeta), Basabe (Legorreta), Garagart (Gasteiz), Iparra Beer (Tolosa), Atala Brewing (Burlata), Kondaira (Mendabia), Sesma (Sesma), Ixo (Senpere), Gross (Donostia), Hondarribeer (Hondarribia), Xorta (Burgi), Izar Haitz (Azpeitia), Higer (Hondarribia), La Viajera (Donostia) eta El Holandes Errante (Erriberri) ekoiztetxeetako garagardoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek, eta baita Basque Beer elkarteko sei garagardo ere. Jai giroa ez da faltako, eta Revolutionary Brothers-ek, Eirak eta King Konsul-ek musika zuzenean eskainiko dute.
Baobeer, bitan
Artisau garagardo txapelketa 12:30ean hasiko da, eta goizeko itxieraren aurretik jakinaraziko dute txapelduna nor den. Azken bi urteetan, Baobeer izan da txapelduna; 2017an eta 2018an, Gross; eta 2015ean, Falken. Ekoizle bakoitzak garagardo bakarra aurkeztuko du, nahi duena. Josema Azpeitiak (kritiko gastronomikoa eta Basque Coulinary Centerreko irakasle ohia), Yann Boix-ek (garagardo egilea eta sommelierra), Julian Limonek (garagardo artisaugintzan aditua) eta Diego Bravok (garagardo artisaugintzan aditua) osatuko dute epaimahaia. Ikusmena, usaimena eta dastamena izango dituzte kontuan.
Dastaketa, etzi
Etzi, Yann Boixek garagardo dastaketa egingo du Ordizia Hotelean. Izen-ematea arrakastatsua izan zen eta beteta dago.
EGITARAUA
- 11:00. Azokaren irekiera.
- 12:30. Artisau garagardo lehiaketa.
- 14:30. Goizekoaren itxiera.
- 17:00. Arratsaldekoaren irekiera.
- 19:00. Musika zuzenean: Revolutionary Brothers, Eira eta King Konsul.
- 23:30. Zozketa.
- 23:45. Espuela.
- 00:00. Azokaren itxiera.