Iritsi da azkenik Aldaba Zaharreko ahuntz gazta
Aukera zabala jarri dute salgai Tolosako baserrikoek. Loreetan ere izan dira berritasunak, baita azen familian ere. Landare postuetan ilara luzeak ikusi dira.
Agindutakoa bete, eta maiatzaren agurreko ferian ekarri dute ahuntz gazta preziatua Aldaba Zahar elkarteko kideek, baina ez da hori gaurko berritasun bakarra izan, lirio ikusgarriak eta usaindunak ere izan direlako aukeran. Joan den astean estreinatutako Balerdipekoek, bestalde, hemengo fruitu lehorrekin egindako mueslia ere izan dute salgai.
Gaurko feria lainopean hasi bada ere, eguzkia nagusitu da ondoren, eta eguraldi onak beti jartzen duen animazioarekin batera, landare postuetan ikusi diren erosle ilarek, kerik gabeko plaza aldarrikatzeko elkartu diren ikasleek eta kanpoko bisitariek egundoko giroa jarri dute.
Ahuntz gazta aukera zabala
Aspalditik ari zen jendea eske, eta gaur izan dute erosteko aukera. Aldaba Zahar elkarteko ahuntz gazta iritsi da azkenik Ordiziako feriara. Azken denboraldi honetan Nico Delsert frantziarra arduratu da gazta egiteaz Tolosako baserrian, Frantzian urte batzuez lanbide horretan jardun eta gero. Eskaintza zabala eraman du plazara: freskoetan, eztia eta limoiarekin egindakoa, baratxuri eta belar probentzalekin egindakoa, eta ikatz begetalaren errautsekin estalitakoa; erdi onduetan, naturala eta errausduna; eta onduetan, hartzidura motaren araberako estaldura desberdinetakoak. Tamaina eta formaren arabera, 4 eta 7 euro arteko gazta piezak ziren, eta kiloak 25 euro balio zuen.
Ahuntz gazta izan da gaurko feriako berritasun nagusia, baina gehiago ere izan dira, horien artean aza familiako batzuk. Iñaki Intxaustik, esaterako, azalore eta brokoli berriak jarri ditu salgai, ekologikoak, beste postu batzuetan negukoak oraindik agortu ez direnean. Kiloka saldu ditu, 3 euroan azalorea eta 4,5 euroan brokolia. Intxaustirenean bazen beste produktu berri bat ere, etxean hazitako txerrien haragiarekin egindako txorizoa eta saltxitxoia (10 euroan pieza).
Edurne Jauregiren postuan, berriz, aza kixkurra aurkeztu dute, kiloa 2 euroan.
Loreetan ere izan da berritasunik, eta aipatzekoak dira Miren Jauregik zituen lirioak (sorta 4 euroan, kalekin batera), eta Arantxa Zurutuzak salgai jarritako lupinoak. Azken honek 5 euroan zituen sortak, eta peoniekin, centaureekin, irisekin eta arrosarekin nahasteko aukera ematen zuen.
Bestalde, joan den astean feria honetan hasitako Balerdipeko eztigileen postuan ere produktu berri bat izan dute salgai, hemengo fruitu lehorrekin egindako mueslia (kiloa 14 euroan).
Perretxiko gutxiago
Perretxikoen atala ere nahiko ugaria agertu da, nahiz eta Felix Barcinaren langileek posturik ez duten jarri. Mikel Lasaren eta Garbiñe Barandiaranen artean 210 kilo ziza (15-40 euro artean), 34 kilo ziza hori (20-24 euro) eta 30 kilo onddo (18-32 euro) jarri dituzte salgai.
Plaza barruan beste 8 kilo ziza ere baziren (30-35 euro) Patxi Arizmendirenean, Axun Etxeberriarenean eta Arantxa Lopetegirenean.
Aldarrikapenak eta Sehaska ikastolen alde
Bestetik, gaur Tabakismoaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela agerian geratu da feriagunean. Osakidetzak postua jarri du erretzeari uzteko laguntzen berri emanez, eta minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak beste bat ere bai inguruan. Egun honen harira, Ordiziako Plaza Nagusia kerik gabeko espazioa izateko eskaria ere luzatu dute herriko ikasleek.
Eta beste ikasle talde batek, Jakintza ikastolakoek, beste postu bat ere jarri dute plazan goiko aldean, Seaskako ikastolen alde. Urdaiazpiko bat zozkatzeko errifak saltzen aritu dira, eta lortutako dirua ikastolen elkarte horri emango diote.