Luizia gertatu zenekoa
Hiru urte pasa dira Aizkorriko magalean luizia gertatu zenetik, eta gaur gaurkoz, ez dago ezbeharra zerk eragin zuen esaterik. Anduetza parketxeak ibilaldia antolatu du iganderako eremua aztertu eta erantzunak bilatzeko.
Aurrekaririk gabeko osasun larrialdi batek egunerokoa eten zuen 2020ko martxoan. Baina, goierritarrak etxean bakartuta zeuden bitartean, naturak bere bidea jarraitu zuen, kanpoan. 2020ko apirilaren 9ko iluntzea zen Aizkorri magaleko lurra mugitu eta 300 metroko lur-jausia gertatu zenean. Hiru urte eta gero, oraindik ez dago ezbeharra zerk eragin zuen zehatz esaterik. Aizkorri magaleko lur-jausiaren gainetik izenburupean, Zegamako Anduetza parketxeak ibilaldi gidatua antolatu du igande honetarako, «lekuko ezaugarriak aztertuz, gertatutakoaren zergatia argitzen saiatzeko».
Aizkorriko magalean—Itzubiagatik Mandabide aldera— gertatu zen luizia, gaur, oraindik Zegamako herritik bertatik ikusi daitekeena. Anduetzatik esan dutenez, egun batetik bestera «sei hektarea lur inguru mugitu ziren maldan behera eta hurrengo asteetan zehar, errekak hamar tona sedimentu garraiatzen zituen eguneko». Lur-jausiaren eraginak Beasainen ere utzi zuen arrastoa.
Zegamako Amezti mendi elkarteko Emilio Txurrukak ondo gogoan du data hura. «Mandabidera beti etortzen zen ura, baina lur-jausia gertatu zenean ez zen euriterik egon, ez zen jakineko arrazoirik izan horrelako zerbait gertatzeko, baina gertatu zen», esan du. Ondorengo hilabeteetan ere gertutik jarraitu zuten lur-jausiaren bilakaera, «sei bat hilabetez halako are fin moduko bat erortzen egon zen. Batzuek esaten dute, Glaziazio garaian izan dezakeela jatorria are fin horrek, Itzubiagako zelaiaren azpian sortuko zela edo».
Momentuz, egonkor
Hilabete batzuk pasa ziren hainbat zegamar eremua atontzera joan zirenerako, «hasieran beldurra ematen zuen hurbiltzeak ere, baina une bat iritsi zen oinezkoen bidea behintzat berriz zabaltzea erabaki genuena», azaldu du Txurrukak. Amezti mendi elkarteko eta mendian bizikletan ibiltzen ziren 7-8 bat zegamar aritu ziren txukunketa lanetan. Sartu ziren lehendabiziko asteburuan «pasoa zabaldu eta urak zuzendu» zituzten, baina lanak ez ziren han amaitu. «Harrezkero, lurrak mugitzen jarraitu du. Ordutik lau edo bost aldiz joan gara berriz, mugitzen zena berriz zuzentzera. Gaur egun, nahikoa egonkortuta dagoela esan daiteke», azpimarratu du.
Ingurua aldatu egin da, dena den, «mandabidea ez da lur-jausiaren aurretik zegoena bezain egokia, bizikletak pasatzeko pasabidea ere okerrago dago, baina pasatzen dira, behintzat», dio. Momentuz, arriskurik ez dagoela uste du Txurrukak, baina eurite handiren bat gertatzen bada, oraindik zerbait behera erori daitekeelakoan dago, «eremua nahikoa zintzilik dagoela ikusten da», ondorioztatu du.
Administrazioaren aldetik laguntza gutxi izan dute, eta lanak herritarrek euren kasa egin zituzten. Hondeatzaile txiki batekin eremua «askoz ere hobeto» utzi daitekeela esan du.
Izena eman behar da
Lur-jausiaren arrazoiak argitzeaz gain, Aizkorriko mendizerraren historia geologikoa ezagutzeko txangoa da Anduetzak iganderako antolatutakoa. Lekuak mugatuak direnez, izena eman beharra dago, anduetza@gipuzkoanatura.eus-en edo 688 623 609 telefonoan.