«Nire helburua da entzuleari musika ahalik eta ongien transmititzea»
Blues musika nagusituko da gaur 19:00etan Legazpiko Agirre-etxeberri parkean, Iker Piris & The Electras taldearen eskutik. Doinua musika eskolako irakasle honen hirukoteak Nirek Mokar pianistarekin joko du.
Tolosarra zara, baina Legazpin oso ezaguna ere bai.
Hurrengo ikasturtean 20 urte beteko dira Doinua musika eskolan irakasle naizela. Gitarra erakusten dut, eta Informatika musikaleko eta Grabaketa teknikako klaseak ere ematen ditut.
Nola hasi zinen gitarra jotzen?
Gaztetatik harreman estua izan dut musikarekin. Etxean musika asko entzuten zen, aitak flamenkoa oso gustuko zuen eta du, eta amaren familian musikari dexente daude. Osaba, adibidez, bateria jole erdi profesionala izan zen, eta bandako musikari batzuk ere baditugu tartean. Ni, gitarra jotzen, 13-14 urterekin hasi nintzen, nire kabuz, lokalean lagunekin ikasita. Gero izan nituen irakasle batzuk, baina gehiena autodidakta izan naiz.
Kontserbatoriora iritsi zinen.
Bai. Drindots taldean hasi nintzen jotzen 20 urte nituela, eta hainbeste emanaldi izaten genituenez, baloratzen hasi nintzen musikari profesional bihurtzea. Baina konturatu nintzen horretarako eta klaseak emateko titulua behar nuela. Horrela sartu nintzen kontserbatorioan, irakasle batekin musika irakurtzeko eta teknizismo guztiak gogor ikasi eta gero. Urte bat Iruñeko kontserbatorioan egin nuen, eta bost Musikenen, Donostian.
Titulua lortu zenuen, beraz.
Bai, baita asko ikasi ere, nahiz eta bukatutakoan gauza batzuk des-ikasi behar izan nituen. Kontserbatorioan batzuetan asko markatzen da musikariaren norabidea zein izan behar den, baina ni beste izaera batekoa naiz, emozionalagoa naiz, eta hori berreskuratu behar izan nuen. Hala ere, oso aberasgarria izan zen kontserbatorioko ibilbide hura, maixu txukunak izan nituen, eta hori eskertzekoa da.
Nolako musikaria zara?
Nire puntu indartsuena zuzenekoa da, egunero jotzen dut zuzenekoa aurrera ateratzeko. Asko gustatzen zait kantuak sortzea, oso saiatua naiz, asko ikasten dut instrumentua, solo asko ateratzen ditut belarriz, gustatzen zait instrumentuarekin kontaktuan egotea. Eta horregatik, oholtzara igotzen naizenean ez dut ezer gehiagotan pentsatzen, ondo pasatzea da nire helburua, eta entzuleari ahalik eta ongien transmititzea musika.
Zein musika lantzen duzu?
Orain dela 20 urtetik blusean nago murgilduta baina ez nago beste estilo batzuetara itxita. Flamenkoa asko gustatzen zait, nire pasioa da, rock&heavy estiloa ere bai… Denetik entzun dezaket, egia esan, baina jo, blues jotzen dut batez ere, nahiz eta COVID garaiko itxialdian flamenkoan barneraino sartuta egon nintzen. Baina orain, blusean nago murgilduta %100.
Hori eskainiko duzu gaur Legazpin?
Bai, nire proiektua aurkeztuko dut, baina Parisko Nirek Mokar pianojole gaztea ere gurekin izango da. Pianojole oso-oso ona da, 20 urte ditu, eta 13 urte zituenetik bira etengabe batean dabil Europan zehar, Estatu Batuetan… Showa partekatuko dugu, berak bere zatia egingo du gure taldearekin lagunduta, eta beste batzuetan nik hartuko dut batuta eta nire kantuak joko ditut.
Zeintzuk dira zure taldekideak?
Iker Piris & The Electras da nire proiektuaren izena, eta Abdell B. Bop kontrabaxista eta Andy Martin bateria jotzailea dira taldekideak, frantsesak biak. Gure ibilbidea duela 5-6 urte hasi genuen. Haien lehen akordeak entzun nituenean, elkarrekin zerbait egin behar genuela pentsatu nuen, eta orain arte.
Nondik dator Nirek Mokar musikariarekin kolaborazio hau?
Talde honekin asko jotzen dugu Frantzian, orain, adibidez, gure musika eta gure diskoa aurkezteko bira batean gabiltza. Parisen Caveau de la Huchette areto enblematikoan jo genuenean elkartu ginen, eta haren ondotik bira bat antolatu genuen. Legazpikoa elkarrekin joko dugun hirugarren aldia izango da, eta asteazkenetik ostiralera lau emanaldi egingo ditugu.
Nola duzue, bestela, agenda?
Urte guztian zehar nahiko beteta izaten dugu, eta orain ere bai, abuztura arte. Abuztuan oporrak hartuko ditut, familiarekin egoteko.
Eta estudiora noiz joango zarete?
Bigarren diskoa kaleratzeko kantak prestatuta dauzkagu, baina ez dut presarik hartu nahi. Urte amaieran edo hurrengoaren hasieran elkartuko gara grabatzeko, baina presiorik gabe. Kanta berriak jotzen ditugu emanaldietan, eta gaur ere joko ditugu.
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot Jone Dorronsoro kultur teknikariari nire musika proiektuari Uztakalen lekua egiteagatik, eta Doinuako irakasle eta ikasle guztiak agurtu ere bai.