Azoka eguzkitsu eta jendetsua izan da gaurkoa
Abuztuko lehenengo azoka izan da gaurkoa, eta udako eguraldiarekin bat eginez, goiz eguzkitsua eta beroa izan da Ordiziakoa. Goizean goiz ez da jende asko inguratu, baina hamarretatik aurrera jendetza bildu da herriko plazan, eta postuetan ilara handiak sortu dira.
Abuztuaren hasierarekin batera, produktu berriak iritsi dira herriko plazara; hala nola xaiota, milalore eztia, potimarroi kuia, klaudia aranak eta zizahoriak.
Perretxikoak ere nagusitu dira gaurko azokan; Lasa plaza azpialdean daude. Zizahoriak, esaterako, 43 kilo ekarri dituzte, eta Goierrikoak 33, dira, Lasa eta Axunenak, hain justu. Kiloa 15 eta 22 euro artean dago. Zizaren kasuan, Barcinak ekarritako 35 kilo daude eta bakoitza 15 eta 35 euro artean dago salgai. Gibelurdinak, aldiz, bost kilo daude, eta Lasak 30 euroan saltzen du bakoitza. Boilurra, bestalde, 10 eta 20 euro artean dago bakoitza.
Xaiota
Aramako Arantxa eta Maite Zurutuza ahizpek ekarri dute Xaiota azokara gaurkoan. Barazki honen hazia Brasildik dator, baina Goierrin oso ondo egokitzen diren aleak dira. Kuriositate gisa, esan daiteke barazki honi modu ezberdin batean deitzen zaiola lekuaren arabera, eta gaur goizean postuan bertan esan dute “airezko patata” ere deitzen diotela batzuk. 3,5 euroan dago kiloa.
Ziza horiak
Axun Etxeberriaren zizahoriak dira hauek. Kiloa hiru euroan dago salgai azokan.
Klaudia aranak
Gabiriako Jose Antonio Elosegik ekarri du gaurkoan aran berdea. Arrakasta izaten duen fruta da, eta kiloa hiru euro eta erdian dauka.
Potimarron kuia
Potimarron izeneko kuia kalabazetan estimazio handiena duena da. Urteko lehenengo kalabaza da hau, eta Baliarraingo Edurne Jauregik ekarri du azokara. Kiloa hiru euroan dago salgai.
Milalore eztia
Balerdipekoek, milalore eztia ekarri dute berrikuntza gisa gaurkoan, eta kiloa 15 euroan dute salgai.