"Emaztea, bi alabak eta ni etxean gustura egotea da niretzat inspirazioa"
Carlos di Lorenzok bizitza osoa darama margotzen, baina duela gutxi ausartu da bere lanak jendeari erakustera. Aterpen dago bere erakusketa ikusgai.

Noiz hasi zinen margotzen?
Txikitan oso gogoko nuen margotzea, eta orduak igarotzen nituen horretan. Ikusten nuen guztia marrazten nuen; denbora pasa gogokoena zen niretzat. 2019an etorri nintzenean paperik gabe nengoen, eta Covid-19aren garaia zenez, denbora bat behar izan nuen horiek lortu eta lanean hasteko. Bi ume ditugu, eta orduan nire emazteak egiten zuen lan soilik. Ondorioz, haurrekin hasi nintzen margotzen, eta egun batean esperimentatzea erabaki nuen. Akriliko batzuk lortu eta margotzen hasi nintzen; ordura arte, ginera, akrilikoarekin sekula margotu gabe nengoen. Nire kabuz ikasi dut dena, eta hobetzen saiatzen naiz. Ikasketarik ez izatean gauza batzuk egitea kostatu egiten zait, baina behin eta berriro saiatzen naiz lortu arte. Nire margolanak amaitzean, ordea, oso gutxitan geratzen naiz gustura; beti zerbait falta zaiela sumatzen dut, eta horregatik lotsatu egiten naiz.

Di Lorenzoren lehen lanetako bat. / Argazkia. C.L.
Zer da zuretzat margotzea?
Denbora azkar pasatzen zait margotzen dudanean. Nire denbora-pasa gogokoena da, eta egunerokotasunetik nolabait ihes egiteko balio dit. Beste lan bat daukat, eta hor jendearekin hitz egiteko aukera daukat, eta oso gustura sentitzen naiz. Margolanekin, ordea, ezberdina da. Jendeak esaten dit ez dudala nire buruarengan nahiko sinesten. Ez dakit ordea zehazki hori den, baina nire barneko eta intimitateko gauzak direnez, blokeatu egiten naiz.
Zein dira zure inspirazio iturriak?
Nire inspirazio iturria nire etxea da. Emaztea, bi alabak eta ni etxean gustura egotea da niretzat inspirazioa. Armonian sentitzen naiz horrela. Nire haurrek gainera marrazteko trebetasuna dutela ikusten dut. Alaba zaharrenari, esaterako, animea asko gustatzen zaio, eta niri baino hobeto ateratzen zaizkio marrazkiak. Bion artean dugun erlazio hori asko gustatzen zait.
Zenbat irauten du obra baten ideia duzunetik amaitzen duzunera arteko prozesuak?
Gutxienez egun bat. Hala ere, behin baino gehiagotan gertatu zait lan baten emaitzarekin gustura ez sentitzea. Kasu horietan txoko batean uzten dut beste gauza batekin hasteko, eta denbora bat igarotzen denean eta berriro indartuta sentitzen naizenean berriro heltzen diot baztertutako lanari. Lanei tope bat jartzea kostatu egiten zait, beti ikusten baitut zerbait falta zaiela.
Zein material erabiltzen dituzu obrak egiteko?
Akrilikoaz gain arkatzarekin margotzea oso gogoko dut.
2019an hasi zinen akrilikoa erabiltzen. Zein material erabiltzen zenuen aurretik?
Arkatza, eskolan erabiltzen diren horietakoak.
Zein da zure teknika gogokoena?
Hor harrapatu egin nauzu, baina arkatza dela esango nuke. Irudi bat ikusi eta kolore grisaren tonalitate ezberdinak erabiliz marrazkia egiten saiatzen naiz.
Kolore bakoitza sentimendu batekin erlazionatzen omen da. Sumatu duzu inoiz margolan bat egitean zure umoreak zerikusirik izan duen?
Uste dut sentimenduak koloreekin erlazionatzeaz gain momentu horretan marraztu behar dudanarekin erlazionatzen direla. Tentsioan nagoenean marrazkiak utzi egiten ditut, alboratu, eskuak ezin ditudala kontrolatu sentitzen baitut. Batzuetan gauza ederrak ateratzen dira hala ere, baina niri beste era bateko marrazkiak gustatzen zaizkit. Kolore ilunak tentsioan nagoenean eta beroak lasai nagoenean erabiltzen ditut normalean.
El Comienzo izeneko erakusketa Aterpe tabernan dago ikusgai abuztuaren 30era arte. Zer dela eta jarri zenion izen hori?
Nire lehenengo erakusketa da, eta asko kostatu zitzaidan egitea. Niretzat hasiera bat da, iraganean gertatutako guztia ikusita, bidai luze baten hasiera izatea gustatuko litzaidake. Erakusketa horrekin hasi nintzen zer egiten nuen erakusten.
Zenbat lan daude erakusketan?
Ez ditut kontatu, baina gutxi gora behera 10-12 inguru daudela uste dut.
Eta ze obra mota aurkitu daiteke erakusketan?
Bariatua da. Gehiengoen erakusketetako obrek komunean zerbait izaten dute, estiloa edo. Nirean aniztasuna dago, eta animazioa, animea, karikaturak… aurkitu daitezke.
Zure lanak lortu daitezke?
Instagram bidezko kontu bat egin dut jendeak nire lanak ikus ditzan. Orain arte ez dut asko saldu, eta nahiko berria naiz mundu honetan. Ia 2 urte egon naiz paperik gabe lanik egin ezinda, eta tarte horretan egin ditudan margolanak saldu izan ditut, eta harro sentitzen naiz hori kontatzean, ez baitut ezer txarrik egin.
Baduzu erakusketa gehiago egiteko asmorik?
Bai. Asko kostatu zait honaino heltzea, eta orain jarraitzeko asmoa daukat.
Margotzea oso gogoko duen baina bere lanak erakustera ausartzen ez den pertsona bati, zer esango zenioke?
Ez dakit hau aholkua den, baina niri amore ez emateak lagundu zidan. Aurrera jarraitu behar da beti, eta besteen iritziak baztertu behar dira. Nahi dena lortzeko borroka egin behar da. Biharamunean norbait izan nahi baduzu, jendeak zu ezagutzen hasi behar du pixkanaka.
Carlos di Lorenzoren margolanetako batzuk: