Banderatxoekin apaindu dute Itsaso lehenengoz
Itsasoko jaietako herri afaria. Atzo arratsaldean hasi ziren Itsasoko jaiak pilota expressarekin, eta bero “dezente” egin zuela dio Gorka Sasieta Itsasoko alkateak. Hala ere, eguzkiak asko ez jotzeko oihal batzuk jarri zituzten. “Esatari lanetan herriko gazteak ibili ziren, eta giro oso polita sortu zen denen artean”, dio Sasietak.

Pilota expresseko irudi bat.
Gauean herri afaria egin zuten, eta 80 pertsona inguru elkartu ziren bertan. Sasietak adierazi du, bestalde, aurten lehenengoz apaindu dutela herria banderatxoekin, eta jendea “animatuta” ikusten dela dio. “Egitarau polita osatu dugu; egun dezente dira, eta jendea animatu nahi dugu etortzera eta ekintzetan parte hartzera”, dio alkateak.
Meza nagusiarekin hasiko dute gaurko eguna, eta jarraian toka lehiaketa herrikoia egingo dute. 18:00ean ume jolasak eta txokolatada izango dituzte, eta 19:15ean Sergio magoaren ikuskizuna izango da eliza atarian. 21:00ean Zahagi ardoa izango dute, eta egunari amaiera Desgaraian taldeak emango dio.
Biharko eguna arratsaldeko lauretan hasiko dute mus lehiaketarekin, eta gauean oilasko parrillada izango dute. Eguna amaitzeko Alaiki taldearen emanaldia izango dute.













