AHTaren aurkako martxa gaur hasiko da
Hiru etapa izango ditu martxa honek, eta goierritik asteburuan pasako da
Abiadura Handiko Trenaren aurkako bizikleta martxa antolatu dute, eta gaur goizean abiatuko da Irurtzundik. Ekainean txoko ezberdinetan zundaketak egiten hasi ziren, eta elkarretaratzeak egin zituzten hori salatzeko Ataunen zein Lakuntzan, besteak beste. Uztailerako, Goierrin eta Sakan 60 zundaketa iragarri zituzten.
“Lurraren alde” antolatu dute asteburu honetako bizikleta martxa, eta hiru etapatan banatu dute: Irurtzun – Olazti / Agurain – Olazti, Olazti – Ataun eta Ataun Irurtzun. Asteburuan zehar ekimenak, kontzentrazioak, kontzertuak eta abar egingo dituzte.
Goizeko hamarretan izango da Bizikleta Martxaren hasierako ekitaldia Irurtzungo plazan, eta Etxarren, Ekai, Zuhatzu eta Satrustegitik igaroko dira gero. Hiriberrin egingo dute hamaiketakoa, eta Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza eta Arbizutik pasako dira gero. Eguerdiko ordu bietan Etxarri Aranazen bazkalduko dute, eta handik Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainera joango dira. Arratsaldeko sei eta erdietan Altsasuko plazan elkarretaratzea egingo dute, eta iluntzean Olaztin, Lautadako zutabearekin bategitea izango dute. Maisuenea Gaztetxean emango diote amaiera egunari, eta frontoian egingo dute lo.
Asteburuko egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.