Eraso sexistak saihesteko formakuntza saioak antolatu dituzte Ormaiztegin
Ormaiztegiko Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean irailerako formakuntza saioak antolatu dituzte, eta helburua “iaz martxan jarritako Jaietan eraso sexistak saihesteko protokoloa herritarren artean ezagutzera ematea eta gai honen inguruko kontzientziazio eta sentsibilizazioa egitea” da.
Irailaren 12an eta 15ean izango dira saio hauek, eta hiru izango dira. Saio bakoitza, gainera, herriko eragile ezberdinei bideratuta egongo da:
- Irailak 12, asteartea 14:00-16:00 Udal Gobernu taldea eta Herriko Tabernariak
- Irailak 12, asteartea 18:00-20:00 Jai batzordea, Barraketako arduradunak eta interesa duen herritar orori irekia
- Irailak 15, ostirala 18:00-20:00 Harrikalariak Gazte Asanblada Elkartea
Sortzen Aholkularitzak gidatuko ditu saio hauek, eta bakoitzak bi orduko iraupena izango du. Formakuntza saioak gizarte etxeko areto nagusian izango dira.