Harrera jendetsua egin zaio AHTaren aurkako martxari
AHTaren aurkako bizikleta martxa gaur eguerdian iritsi da Goierrira. Espero zutena baino ordu erdi inguru beranduago iritsi dira bertara, eta antolatzaileek esan dutenaren arabera “denak batera iristeko moduko erritmoan” etorri dira. 12:00 inguru aldera iritsi dira Idiazabalera, eta hamaiketakoa jateko aukera izan dute. Elkarretaratzea ere egin dute bertan.
Beasaina 13:30 aldera iritsi dira, eta Erauskin plazan egin dute elkarretaratzea. Txalo artean egin diete harrera txirrindulariei, eta antolatzaileek AHTaren Goierriko egoeraren berri emateaz gain, zundaketaren bat ikusiz gero zer egin behar den azaldu dute.

Elkarretaratzea Beasainen. / Argazkia: Biziola.
Lazkaora joan dira handik, eta Biziolan egin dute bazkaria. Ondoren, AHTaren aurkako borrokaren oraina eta geroa izeneko batzar irekia egin dute, eta, 18:30 aldera Atauna joango dira. Bertan afaria eta parte-hartzaile eta borroken aurkezpen batzarra egingo dute, eta Auzoeta frontoian pasako dute gaua.