Aske utzi du epaileak Lazkaon tiroak bota zituena
Goizean eraman dute Tolosako Auzitegira ertzainetxetik. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi du 51 urteko lazkaotarra.

Larunbat goizean Lazkaon kalean tiroka aritu zen herritarra aske utzi du epaileak. Ertzaintzak gaur goizean eraman du Tolosako Auzitegira larunbat goizean atxilotutako 51 urteko gizonezko lazkaotarra. Guardiako epailearen aurrean deklaratu ondoren, kalean da.
Segurtasun Sailak zabaldu zuenez, tirokatzailearen aurkako salaketa bat aurkeztuta dago. Larunbat goizean, 08:00ak aldera, gutxienez 18 eskopeta tiro egin zituen Esparru elkarteko atariaren aurka, eta ondoren beste hiru Iturgaitzaga kaleko 1. zenbakiko atariko atearen aurka. Hainbat kalte eragin zituen bi tokietan. Gauean elkartean elkarrekin egondako eta eztabaida izandako beste kide baten atzetik ibili zen, antza denez.

Atea kaltetuta geratu da./Aimar Maiz