Adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik zigortu zuten Juan Mari Mendizabal 'Kakux' Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu dute
Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi izan zen eta udalekuetan hainbat adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkiela onartu ondoren kargugabetu egin zuen Elizak 2016 urtean. Beasaingo elizatik adierazi dute "lan administratiboak" burutuko dituela.
Juan Kruz Mendizabal “Kakux” elizgizon ormaiztegiarra Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du Pedro Ayuso Donostiako gotzainak. Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi izan zen eta 2016 urtean kargugabetu egin zuen Elizak, 2001 eta 2005 urte bitartean, udalekuetan sexu gehiegikeriak egin zizkielako hainbat adin txikikori. Salaketen aurrean, Elizak, epaiketa kanonikoa egin zion, eta sexu gehiegikeriak onartu egin zituen Juan Kruz Mendizabalek. Gauzak horrela, Gipuzkoako Elizbarrutiak zabaldu zuenez, monasterio batera bidali zuen Elizak eta debekatu egin zion publikoki apaiz aritzea, baita adin txikikoekin egotea inguruan heldurik ez bazegoen.
Gipuzkoako Fiskaltzak ere ikerketa zabaldu bazuen ere, kasua artxibatu egin zuen azkenean, leporatzen zitzaizkion delituak «preskribatuta» leudekeelako.
Orain, Beasainen apaiz laguntzailea da Mendizabal, Beasaingo elizatik bertatik baieztatu dutenez eta «lan administratiboak» burutuko dituela erantsi dute.