Astebeteko Euskal Jaiak datoz
Larunbatetik irailaren 10era arte izango dira Ordiziako Euskal Jaiak. Pedro Subijanak hartuko du erreleboa Ordiziako Gazta Lehiaketako lehendakari gisa, Juan Mari Arzaken eskutik. Gazta Lehiaketaren 50. edizioa izango da.
Irailaren hasierarekin batera, badatoz Ordiziako Euskal Jaiak. Larunbatean hasiko dira, eta hurrengo asteko igandera arte iraungo dute, irailaren 10era arte. Tarte horretarako, kontzertuz, lehiaketez, erakustaldiz edota dastaketez osatutako zazpi egunetako egitaraua prestatu dute udalak eta herriko eragileek, bi eguneko etenarekin.
Larunbatean Emaneurre Euskarari Eguna ospatuko da, kuadrilen arteko herri kirolen lehiaketarekin hasita. Hogei taldeko muga jarri dute, eta dagoeneko hemeretzik eman dute izena. Ondoren, herri bazkaria izango da. Herri kiroletan parte hartzen ez dutenak ere herri bazkarira joan daitezke. Tiketak Sugaar eta Amonane tabernetan daude salgai, 12 euroan.
50. gazta lehiaketa
Irailaren 6an egingo da Euskal Jaietako aparteko azoka. Azokaren baitako ardi latxaren edo karrantzakoaren esne gordinez egindako gazta lehiaketaren 50. edizioa izango da aurtengoa. 10:30ean hasiko da lehiaketa, Beti Alai pilotalekuan. 13:30ak aldera irabazlea nor den jakinaraziko da, eta ondoren, enkantea egingo dute.
Iaz, La Leze gaztandegiko (Illardui, Araba) Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi goierritarrek irabazi zuten. Azken 10 urteetako lehiaketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duten gaztagileei Urrezko Kutxa Garaikurra banatzen zaie. Aurten, Kortaria gaztandegiko (Lekaroz, Nafarroa) Julen Arburuak (2018an eta 2019an irabazle) eta Ondarre gaztandegiko (Segura) Eneko Goiburuk (2014 eta 2021) dute hori irabazteko aukera.
Gazta lehiaketan irabazle izan diren artzainen gazten salmenta postuak Beti Alaiko frontoi txikitik zuhaiztira pasako dira.
Lehendakari erreleboa
Juan Mari Arzak sukaldaria izan da 1992tik Ordiziako Gazta Lehiaketako Epaimahaiko Lehendakaria. Aurten, Pedro Subijana sukaldariak hartuko du erreleboa, eta Arzak Ohorezko Lehendakari izendatuko dute.
Euskal Jaien egitaraua
Larunbata, irailak 2:
Emaneurre Euskarari Eguna. Emaneurre taldeak antolatuta.
- 10:00-13:30. Kuadrillen arteko Herri Kirol Txapelketa, Plaza Nagusian.
- 14:30. Herri bazkaria frontoi txikian.
- 16:30. Andoni Ollokiegiren kontzertua.
- 18:30. Joseto ta Alaiak elektrotxaranga.
- 23:00. Gozategi taldearen erromeria, Plaza Nagusian.
Igandea, irailak 3:
Jubilatuen Eguna.
- 13:15. Laguntasuna errondailaren emanaldia, zuhaiztian.
- 14:15. Jubilatuen eta pentsiodunen bazkaria, Goierriko Bertso Eskolako bertsolarien agurrarekin, Beti Alai pilotalekuan. Bazkalondoren, dantzaldia DJ Jerry-rekin.
- 18:30. Frontona, Andoni Egañarekin batera bertso, dantza, musika eta era guztietako jardun performatiboez osatutako ikuskizuna.
Asteartea, irailak 5:
- 18:00. Bertako produktuen XXX. Sukaldaritza Txapelketa eta XXVII. Goierriko Odolkirik Bikainenaren dastaketa-lehiaketa.
- 19:00. Azen Erraldoien konpartsaren eskutik Erraldoiak eta Buruhandiak, udaletxetik aterata, Burrunbazale txarangarekin.
- 19:00. Ardo postuen irekiera zuhaiztian.
Asteazkena, irailak 6:
- 9:00. Diana Ordiziako Txistularien eskutik.
- 9:15. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideen eta artzainen desfilea, gazta lehiaketan parte hartuko duten gaztak Beti Alai pilotalekura eramateko, trikitilari eta dultzaineroek lagunduta.
- 10:00. Gazta, ganadu, lumagori, fruta eta barazkien lehiaketak eta perretxikoen erakusketa.
- 11:00-14:00. Euskal Photocall-a, Foru pasealekuan.
- 12:00. Fruta, barazki eta lumagori lehiaketen sari banaketa, Jose Migel Barandiaran plazan.
- 13:00. Ganadu lehiaketaren sari banaketa, Garagartza plazan.
- 13:45. Gazta lehiaketaren enkantea eta sari banaketa, Beti Alai pilotalekuan.
- 17:30. Profesionalen arteko esku-pilota partidak. Agirre-Ugartemendia/Alberdi II-Iztueta eta Ezkurdia-Albidu/Peña II-Mariezkurrena II.
- 18:30. Eingo taldearekin erromeria, Plaza Nagusian.
- 19:30. Herri Kirol Jaialdia, Jose Migel Barandiaran plazan. Aizkolariak: Iker Vicente-Iñaki Azurmendi/Julen Alberdi-Ugaitz Mugerza. Harri-jasotzaileak: Jon Unanue (Goenatxo), Ainhize Zumeta eta Lierni Osa.
Ostirala, irailak 8:
- 18:00. Ordizia Futbol Elkartearen 2023-2024 denboraldiko taldeen aurkezpena, Plaza Nagusian.
- 19:15. Urdaneta dantza taldearen emanaldia, Plaza Nagusian.
- 20:30. Tu Tum Platz Jon Plazaolaren bakarrizketa, Herri Antzokian.
Larunbata, irailak 9:
- 11:00-13:30/16:30-20:00. Haur parkea Beti Alai pilotalekuan.
- 19:00. Sagardo festa, zuhaiztian.
- 23:00. Neomak taldearen kontzertua, Plaza Nagusian.
Igandea, irailak 10:
- 12:00. Lazkao Txiki XXXII. Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa, Barrenan kultur etxean.
- 18:30. Laia, Alurr dantza taldearen ikuskizuna, Plaza Nagusian.